Abian da Bilbo Zaharra euskaltegiaren Klasikoen 15. Irakurraldi Jarraitua

Arriagan jarritako pantaila erraldoia
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Publicado: miércoles, 8 junio 2022 10:28

BILBO 8 Jun. (EUROPA PRESS) -

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren 15. edizioa abian da Arriaga antzokian, Ramon Saizarbitoria idazle donostiarraren 'Martutene' eleberria protagonista dela.

Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten duten ekimena 08:00etan hasi da eta 14:00ak arte iraungo du. Azken bi edizioetan gertatu bezala, aurten ere oraindik formatu murriztua izango du, pandemiaren gorabeherak direla eta.

Idazle donostiarrak 2012an kaleratu zuen 'Martutene'. Bi bikoteren harremanak kontatzen ditu, atzerritar neska gazte bat tarteko, eta Donostiako Martutene auzoan kokatuta dago. Hainbat arlo jorratzen ditu Saizarbaitoriak eleberri honetan: idazlearen lana, medikuntza eta Euskal Herriko gatazka, besteak beste. Euskadi Literatura Saria jaso zuen eta kritiko zenbaiten arabera, euskal literaturaren azken aroetako eleberri onena da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, 'Martutene' 1989tik 2012ra arteko aroari amaiera ematen dion eleberria da. "Agortezina da, eta aukera ematen digu euskal mundua definitzen duten diskurtso gehienak interpretatzeko: antropologikoa, soziologikoa, euskalkietakoa eta herri txikietakoa, politikoa, bortizkeriarena, gastronomikoa, artistikoa, musikakoa eta abar", gaineratu dute.

Ramon Saizarbitoriak berak irakurri ditu eleberriaren lehenengo lerroak Arriaga antzokian, 08:00etan, ekimenari hasiera emanez, eta ondoren, beste 200 bat pertsonak hartuko dute parte etenik gabeko irakurketan. Ohikoa denez, euskal gizartearen esparru guztietako ordezkariek irakurriko dituzte pasarteak jendaurrean, hala nola herri erakundeetakoak, elkartekideek, kultur eta gizarte eragileek, ikasle eta irakasleek.

Gainera, aurten Bilboko institutuetako ikasleek ere parte hartuko dute, eta gazte bakoitzak bi minutu inguruko pasarte bat irakurriko du. Zehazki, ikasleek euskarri digitalean grabatuko dituzte pasarteak eta gero horiek erabiliko dira irakurketa osatzeko. Modu birtualean ere sartuko dira euskal diasporako kideak, 50 euskal etxeren bitartez.

Arriagako plazan pantaila erraldoi bat jarri da eta bertatik jarrai daiteke zuzenean irakurraldi jarraitua, baita EITBren webgunetik ere. Bestalde, Zazpikale eta Abandoko metro geltokietan aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa izango da ikusgai egunotan.

Aurreko urteetan, Axularren 'Gero', Mogelen 'Peru Abarca', Jon Miranderen 'Haur besoetakoa', Saizarbitoriaren 'Hamaika pauso', Arantxa Urretabizkaiaren 'Zergatik panpox', Bernardo Atxagaren 'Obabakoak', Gabriel Arestiren 'Harri eta herri', Sarrionandiaren 'Narrazioa Guztiak', Franz Kafkaren 'Metamorfosia', Itxaro Bordaren '%100 Basque', Txomin Agirreren 'Kresala', Anjel Lertxundiren 'Otto Pette', Mariasun Landaren 'Ipuinak' eta Bernat Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' irakurri dira ekimenean.

Contenido patrocinado