BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA
BILBO 9 May. (EUROPA PRESS) -
Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren aurtengo edizioa martxan da, eta astearte honetan jokatu da lehenengo kanporaketa Ondarroan. Zazpi gaztetxok parte hartu dute, eta puntu gehien bildu dituena Ixone Asategi izan da, Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez.
Asategirekin batera, Naroa Jaio, Uxue Jauregi, Ziara Larrinaga, Ariane Sololuze, Nile Torrealdai eta Amaia Zabala izan dira parte hartzaileak. Gai emaile lanetan Peru Vidal aritu da, eta epaileak Ainhoa Arregi, Juanjo Respaldiza eta Mirari Azula izan dira. Idazkaria Ander Elortegi izan da.
Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketak hiru kanporaketa izango ditu orotara, eta Ondarroakoaren ondoren, Bilboko Euskararen Etxean izango da hurrengoa, maiatzaren 15ean, eta Igorreko Lasarte aretoan azkena, maiatzaren 17an.
Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera eta gainontzeko bost bertsolariak puntuazioaren arabera. Finala maiatzaren 27an jokatuko da, Gernika-Lumoko Astran; 10:00etan eskolarteko idatzizko finala izango da, eta 11:30ean ekingo dio bat-bateko finaleko zortzikoteak.