Araban euskara biziberritzeko 1960ko eta 1970eko hamarkadetatik egindako bidea aztertuko dute

Arabako Foru Aldundiak eta Euskaltzaindiak 'Euskararen Biziberritzea Araban' (EBA) egitasmoa aurkeztu dute
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 6 junio 2025 12:25

GASTEIZ, 6 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak eta Euskaltzaindiak 'Euskararen Biziberritzea Araban' (EBA) egitasmoa jarri dute martxan, lurraldean euskara biziberritzeko 1960ko eta 1970eko hamarkadetatik gaur egun arte egin den bidea aztertzeko. Egitasmoa osatzeko lanak 2027ra arte luzatuko dira.

Zehazkiago, hiru dira egitasmoaren helburu orokorraren jomuga zehatzak: euskarak Araban egin duen bidearen historia sistematikoki bildu, jasotako informazioa sistematizatu eta artxibo bat osatu, eta, xede hezitzaile zein aktibatzailearekin, informazioa gizartean eta, bereziki, belaunaldi berrietan zabaldu.

Ekimenaren aurkezpenean izan dira Iñaki Gurtubai Arabako Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua, Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko burua eta Iñaki Martinez de Luna 'Euskara Biziberritzea Araban' egitasmoaren zuzendaria.

Sagrario Alemanek eskerrak eman dizkio Arabako Foru Aldundiari, proiektua bideratzeko emandako laguntzagatik, eta "pisuzko proiektua" dela nabarmendu du: "Biziberritze prozesuan aritu zirenen aitortza jasotzen du proiektu honek, biziki garrantzitsua dena. Egin denaren ezagutza dugu, eta orain ahalegin eta testigantza hori hurrengoei transmititzea da etorkizuneko zereginetako bat. Beste lurraldeetan ere egokia litzateke antzerako zerbait egitea".

Bere aldetik, Iñaki Gurtubaik 2024an Euskaltzaindiarekin sinatutako hitzarmena ekarri du gogora, hitzarmen horren eskutik abiatu baitzen 'Euskararen Biziberritzea Araban' egitasmoa.

Gainera, proiektuaren beraren nolakotasunak aitortu ditu agerpenean. Bere hitzetan, "egitasmo hau tresna estrategikoa izango da euskararen biziberritze prozesuan sakontzeko. Euskararen erabilerari eta transmisioari buruzko informazioa jasoko da eta gizartearen esku jarriko da. Ezagutza sortuko dugu, eta ezagutza hori baliagarria izango da bide-orri hobeak eraikitzeko".

INFORMAZIO ITURRIAK

Bestalde, Iñaki Martinez de Luna ohorezko euskaltzainak eman ditu azalpen teknikoak, bera baita egitasmoaren zuzendaria. Honela, helburu nagusiak gogoratzeaz gain, orain arte eginiko lanak errepasatu eta erabilitako informazio iturriak aletu ditu.

Azaldu duenez, datu estatistikoak, prozesuaren lekuko edo protagonista izan direnei egindako elkarrizketak, dokumentazio bibliografikoa eta biziberritzeko ahaleginen adibidea diren askotariko euskarriak dira euskarak Araban izan duen biziberritze prozesuaren historia osatzeko nagusiki erabili diren informazio iturriak.

"Eta 2024an, nagusiki, honako bi informazio iturri landu dira: informazio estatistikoa, Iñaki Iurrebasok landua, eta prozesuaren parte edo lekuko izan direnei egindako sei elkarrizketa", gaineratu du.

Maria Jesus Aranguren, Pili Aristizabal, Koldo Biguri, Pako Eizagirre, Kepa Enbeita, Rafa Etxegarai, Rikardo Gonzalez de Durana, Lurdes Lekuona, Kepa Mendia, Maite Mendiburu, Felix Razkin eta Blanca Urgell dira orain arte elkarrizketatutako lekukoak.

Martinez de Lunak nabarmendu du "Araban, Arabatik eta arabarrentzat" eginiko proiektua dela, eta hurrengo urratsak gogoratu ditu: "Egitasmoa gizarteratu nahi dugu, proiektuaren aurkezpenak eginez Arabako bi kuadrilletan; beste sei elkarrizketa ere egin nahi ditugu (bi berri Gasteizen eta beste lau Arabako bi Kuadrilletan); EBAgunea elikatu eta osatuko dugu, eta kontakizuna zabaltzeko euskarri egokiak sortu eta dibulgazio formulak prestatu nahi ditugu".

Contenido patrocinado