BILBO 6 Oct. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Udalaren mendeko Bilbao Kirolak erakundeak 161 kirol ikastaro jarriko ditu martxan azroaren 1etik 8 urtetik beherako umeentzat. Ikastaroak Bilbao Kirolak-en kiroldegietan egingo dira, eta 1.936 leku eskainiko dira, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.
Aretoko 15 ikastaro egingo dira, hala nola txikidance, irristaketa, dantza modernoa, gimnasia erritmikoa, nesken dantza artistikoa, 'prama kids' edo kirolekoa eta tranpolina. Gainerako 146 ikastaroak uretakoak dira, besteak beste, igerijaia, txikien igeriketa, haurtxoen igeriketa edo hainbat mailatako igeriketa.
Ikastarorik berriena 'prama kids'da, San Mameseko kiroldegian. Programatutako entrenamendu zirkuituak umeen saioetarako diseinatu dira, musikarekin eta argiztapenarekin. Horietan, jarduera fisikoa eta mugimendua dibertsioarekin uztartzen dira. 45 minutuko saioetan, haurrek trebezia motor eta kognitiboak garatzen dituzte, fisikoki hobetzen dira eta etekin intelektual eta akademikoak izaten dituzte.
Ikastarioetan izena ematerakoan, hitzordua eskatuta daukaten harpidedunei zozketaren hurrenkera errespetatuko zaie. Izena emateko egunak urriaren 13a eta 14a dira. Hitzordurik ez duten harpidedunek urriaren 24tik aurrera eman dezakete izena, eta harpidedun ez direnek urriaren 26tik aurrera.
Bilbao Kirolak erakundeak osasun prebentzioko neurriak ezarri ditu 2020-2021eko denboraldiko ikastaroetarako. Horrela, maskara derrigorrezkoa izango da instalazioen barruan, eta ikastaroetako pertsona kopurua %60ra murriztu da. Kanpoko eta aretoko jardueretan ez da aldagelarik erabiltzea gomendatzen, eta erabili behar badira, distantzia mantenduko da.
Igerilekuko ikastaroetan aldagelak erabili ahal izango dira, baina ordutegi bakoitzean ikastaro gutxiago eskaini dira, aldageletako pertsona kopuruaren muga bete ahal izateko. Ezin da ile lehorgailurik erabili.
Erabiltzaileen joan-etorrietarako ibilbideak markatu dira, segurtasun tartea gorde ahal izateko.
Gela behar bezala aireztatzeko denbora nahikoa utziko da ikastaro batetik hurrengora, eta ezin zaie ikastaroko ikasleei itxaron instalazioen barruan.
Aurreikusita dago ikastaroak azaroan hastea, baina osasun egoeraren arabera, eta beharrezkoa balitz, eskainitako ikastaro eta plaza guztiak, eta ikastaroak hasteko egunak aldatu edo bertan behera utzi ahal izango dira.