Bizkaiko 12 sukaldarik Slow Food Bilbao-Bizkaia elkartearen 0 Km saria jaso dute

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 25 marzo 2014 18:04

BILBO 25 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko 12 sukaldarik Slow Food Bilbao-Bizkaia elkartearen 0 Km saria jaso dute. 0 Kilometro proiektuaren helburuak dira bertoko nekazaritzako elikagaien eta ekonomiaren sareari eusten laguntzea, biodibertsitatea zaintzen duten ekoizleak bultzatzea eta garaian garaiko sukaldaritzaren alde egitea.

Bere sustatzaileek nabarmendu dutenez, proiektuan dauden jatetxeak "erakusleiho ezin hobea dira hurbileko produktuetarako, askotan, galbidean dauden produktuetarako". Hain zuzen, horixe da 0 Km sarien funtsa, 2013anan Bizkaiko 12 sukaldarik jaso dutena.

Zehazki, Lara Martin eta Alvaro Garrido, Mina jatetxekoak; Guillermo Fernandez, Baita Gaminizekoa; Josemi Olazabalaga, Aizian jatetxekoa; Ricardo Perez, Yandiolakoa; Asier Elizegi, Gaminizekoa; Eneko Atxa, Azurmendikoa; Jabi Gartzia, Boroakoa; Pablo Urzay, Pablo Urzay jatetxekoa; Edurne Martin, Prêt Á Porter jatetxekoa; Igor Ozamiz, Artxandako Ostalaritzako Goi Eskolakoa; eta Aitor Elizegi, Bascook jatetxekoa, izan dira Bilboko Udalak eta Slowfood Bilbao-Bizkaia Elkarteak omendu dituen profesionalak.

Slow Food Bilbao-Bizkaia 0 Km proiektuko jatetxea izateko, gutxienez proiektuko bost jaki eduki behar dira urte osoan zehar. Jaki horiek kartan, menu batean, aholkuetan edo iradokizunetan egon daitezke. Urte osoan, jatetxeak, gutxienez, bost produktu erosi behar ditu Slow Food Bilbao-Bizkaia Elkarteko Gustuen Kutxatik eta produktu horiek erabiltzen dituela ziurtatu.

Convivium Slow Food Bilbao-Bizkaiak urtero-urtero ziurtatuko du ekoizleekin sarietara aurkeztu direnek baldintza hau betetzen dutela. Jatetxetik 100 kilometro baino hurbilago dauden bost ekoizleren produktuak erosi beharko dituzte, gutxienez, eta ekoizle horietako batek, gutxienez, barazkiak ekoitziko ditu.

Jaki bat 0 Km-ko jakitzat jotzeko, osagaien %40, gutxienez, bertokoa izango da, osagai nagusia tartean. Horrek esan nahi du jatetxeak zuzenean erosiko dizkiola produktuak ekoizleari eta honek, gehienez ere, jatetxetik 100 kilometrora ekoitziko dituela horiek. Osagaien gainerako %60, Gustuaren Kutxakoak izango dira, edo bestela, Bilbao-Bizkaiko baluarteak izan. Jakiak prestatzeko ezin da elikagai transgenikorik edo transgenikoak jan dituzten animaliarik erabili.

Contenido patrocinado