Actualizado 10/03/2015 14:31 CET

Bizkaiko Meatzaldea biotopo babestu izendatu du Eusko Jaurlaritzak

Bizkaiko Meatzaldera eginiko bisita bat
Foto: IREKIA

GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak biotopo babestu izendatu du Bizkaiko Meatzaldea astearte honetan. XX. mendea hasi arte burdin esplotazioaren agertoki izan zen eskualde hori eremu zabal batean. Hori dela eta, bertako paisaia oso berezia da gaur egun, meatzaritzari eta bere ondare kulturalari erabat lotua. Erakusle onenetarikoa "Triano mendiak" edo "Grumeran" mendigunea deitutako ingurunean dago.

   Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak adierazi duenez, "paisaiaren eta geomorfologiaren ikuspuntutik aztertuta, ingurunearen modelaketa karstikoaren kanpo adierazpen ugari daude Bizkaiko Meatzaldean, adibidez, dolinak, iturriak eta hobiak. Lurpean, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko haitzulo dentsitate handienetarikoa aurki daiteke".

   Bizkaiko Meatzaldea biotipo babestuak 977,5 hektareako azalera du, Galdames eta Gueñes udalerrien artean banatuta, eta Triano mendien zatirik handiena hartzen du baitan.

   Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak bultzatutako dekretuak, "unitate integratu gisa hartzen du ingurunea, aukera paregabea dena unitate geomorfologiko osoa, bai endokarsta bai lurrazala, kontuan hartuko duten plangintzak aurrera eramateko, dagokion prozesu eta interrelazio guztiak aztertu ondoren betiere".

   Karsta bera alde batera utzita, burdina ateratzeko ireki ziren orbainek hortxe diraute, eta, hain zuzen ere, orbain horiek dira ingurunearen erakargarri handienetarikoa paisaiari dagokionez. Gainera, kareharriaren berezko egiturak paisaia oso berezia sortu du, "burdinezko zainak husteko meatzariek egindako mozketa ikusgarrien ondorioz".

   Oregik nabarmendu duenez, burdinezko zain horiek interes geologikoko gune gisa identifikatu daude Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Inbentarioan 141. kodearekin.

   Bizkaiko Meatzaldea biotipo babestu izendatu izanak inguruko paisaia babestea eta aintzat hartzea bermatuko du aurrerantzean, degradazioa saihestuz. Era berean, ondare natural eta geologikoaren kontserbazioa bermatuko du -endokarstarena zein exokarstarena-, bai eta ondare kulturalarena ere -tartean ondare arkeologikoa eta meatzaritzarekin lotutako aztarnak-.

   Dekretuak ingurunean ematen diren erabilpen tradizionalak mantendu eta garatuko ditu jasangarritasun irizpideetan oinarrituta eta ingurune naturalean egin daitezkeen aisialdi eta erabilpen publikoko jarduerak ere arautuko ditu, betiere ingurunearen kontserbazioarekin bateragarriak direla kontuan izanik.