Bizkaiko Ogasunak 600.000 aitorpen inguru jasoko ditu

Gaur Hasi Da Errenta Kanpaina Bizkaian
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 2 mayo 2011 13:23

BILBO 2 May. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Ogasun Sailak 600.000 aitorpen inguru jasoko dituela jakinarazi du Ogasun eta Finantzen foru diputatu Jose Maria Iruarrizagak, kanpainaren xehetasunak aurkeztu baititu gaur, 2010eko Errenta Kanpainaren lehenengo egunean, alegia. Halaber, ekainaren 30a arte zergadunen eskura jarriko diren zerbitzuak aurkeztu ditu.

Horrela, Iruarrizagaren aurreikuspenen arabera, 600.000 aitorpen inguru jasoko dira Ogasunean ekitaldi honetan, eta haietatik %81 itzultzekoak izango dira -539 milioi euro-, eta %19 ordaintzekoak -182 milioi euro-.

Aurten, 2010eko PFEZari dagokion aitorpena aurkeztu beharko dute lanetik datozen errentetan 20.000 euro baino gehiago irabazi dutenek eta kapitalaren etekin gordinetan -salbuetsiak barne- eta ondare-irabazietan 1.600 euroak gainditzen dituztenek.

Iruarrizagak azpimarratu du "garrantzitsuak" direla PFEZean egiten diren gizarte-kenkariak, "700 milioi euro baino gehiago direlako bizkaitarren alde", eta gogoratu du Bizkaiko Foru Ogasunak "kalitateko zerbitzu eraginkorra" ematen duela, "zergadunen zerga-betebeharrak errazteko eta, gaur egungo garaiekin bat, teknologia berrien alde egiteko".

Orobat, Rentanet Etxean zerbitzuak duen "harrera ona" nabarmendu du, eta martxoaren amaieran hasita eta apirilean zehar zergadunei 350.000 aitorpen eginda bidali zaizkiela gogoratu du. Zergadunek zerga-betebeharrak betetzeko dituzten sistemak eta aurkezpen-moduak ere gogoratu ditu: eskuzko autolikidazioa, Rentanet 10 egun edo Rentanet entitateak, errenta-aitorpena Internet bidez aurkeztea (www.bizkaia.net), eta Recursonet, zerga datuen eta web proposamenen kontsulta.

Contenido patrocinado