BILBO 3 May. (EUROPA PRESS) -
El Columpio Asesino eta Hamaiketan taldeak arituko dira Getxon (Bizkaia) larunbat honetan, maiatzaren 4an, Ereaga hondartzako aparkalekuan, 21:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da, Getxoko Kultur Etxeko iturriek jakinarazi dutenez.
El Columpio Asesino Iruñean sortu zen, 1999an. Taldearen estiloa ezin da erraz sailkatu eta, rock eta pop doinuak ardatz nagusi hartu arren, beste estilo batzuetako erritmoak ere uztartzen dituzte, punk eta musika elektronikoa esaterako. Pixies, Sonic Youth edota The Clash taldeetan oinarritzen direla diote.
2001an Bilbao Hiria lehiaketan bosgarren postua lortu eta Benicassimeko Nazioarteko Lehiaketan Proyecto Demo 2001 saria irabazi zuten. 2002an Jaengo Lagarto Festival jaialdiko lehiaketan garaile atera ziren eta lehen diskoa kaleratu zuten: "El columpio asesino". 2003ko Benicassimeko jaialdian aurkeztu zuten diskoa.
Une horretatik aurrera taldea nabarmentzen hasi zen. FNACeko Talentu Berriak izendatu eta "Obra Social Caja Madrid" proiekturako hautatu zituzten. Azken ekimen horren eskutik zenbait espetxetan jo zuten.
2006an "De mi sangre a tus cuchillas" bigarren diskoa kaleratu zuten, berriro ere bere estilo berezia erakutsiz. 2008an hirugarren lana grabatu zuten, "La gallina" izenekoa, eta nazioartean aritu ziren biran.
2011n heldu zen "Diamantes", estudioko laugarren lana, eta zaleek zein kritikariek harrera ona eman zioten. Egun, Alvaro Arizaletak (ahotsa eta bateria), Raul Arizaletak (gitarra), Iñigo Solak (tronpeta, perkusioak eta sintetizadoreak), Cristina Martinezek(gitarra eta ahotsa) eta Daniel Uleciak (baxua) osatzen dute El Columpio Asesino.
Larunbateko kontzertua hasteko ardura Hamaiketan rock alternatibo taldeak izango du. Taldea laukotea da gaur egun baina hirukote bezala sortu zen 2010ean, pieza instrumentalak jotzen. 2011n abeslaria gehitu zitzaien, beren abestiak idazten hasi ziren eta debuteko maketa grabatu zuten. Horrekin Etxebarri Rock maketa lehiaketako finalera heldu ziren.
Jarraian bere lehenengo diskoa grabatu eta Algortako maketa lehiaketan bigarren saria eskuratu zuten. 2012 eta 2013 artean taldearen osaketa aldatu da: gaur egun, Maren Goienagak (ahotsa), Jabi Gangoitik (gitarra eta ahotsa), Inhar Endaya (bateria eta ahotsa) eta Asier Pomposok osatzen dute laukotea.