Desgaitasuna duten gazteek udalekuetan gaua ere igarotzeko esperientzia pilotua egingo da Hondarribian

Desgaitasuna duten gazteek udalekuetan gaua ere igarotzeko esperientzia pilotua egingo da Hondarribian
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Publicado: viernes, 13 junio 2025 11:12

DONOSTIA 13 Jun. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria, Lankidetza eta Kirol Sailak desgaitasuna duten gazteentzako kalitatezko aisialdi inklusiboaren aldeko konpromisoa indartu du, eta, lurraldeko zazpi udalerritan egiten diren udaleku ireki tradizionalez gain, Hondarribiko Juan Sebastian Elkano aterpetxean gaua ere igarotzeko udalekuen esperientzia pilotua abiatuko du.

Sustatzaileek azaldu dutenez, ekimen berria da, eta desgaitasuna duten 40 gazteri aukera emango die udalekuetako esperientzia osoa bizitzeko ekainaren 23ko astean egingo diren bi txandatan. Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioarekin lankidetzan antolatu da ekimena, eta taldeko 12 begiraleren laguntza izango du.

Goizane Alvarez Gipuzkoako Aldundiko Kultura eta Gazteriako diputatuak ekimenaren garrantzia nabarmendu du. "Familien eskaerak entzutea eta haiei erantzutea lehentasuna da gure departamentuarentzat. Gaua igarotzea barne hartzen duten udalekuen formatu berri hori aurrerapauso bat da inklusioan eta aukera berdintasunean, Gipuzkoako gazte guztiek uda aberasgarri bat, autonomoa eta esperientzia ahaztezinak dituena, goza dezaten", azaldu du.

Era berean, eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioari "konpromisoagatik eta inplikatutako udalerrien lankidetzagatik". "Udaleku horiek erakusten dute sarean lan egiteak ekimen eraldatzaileak sortzen dituela", gaineratu du.

Orobat, Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioko lehendakari Blanca Arangurenek udalekuen zentzua azpimarratu du: "Gure helburua da desgaitasuna duten gazteek aisialdi aktibo bat izatea, osasungarria eta familia ingurunetik kanpokoa. Eskerrik asko udalerriei, kirol espazioak lagatzeagatik, eta Gazteria Departamentuari, aisialdiaren bidez eskubideak zabaltzen jarraitzeko egin duen apustu irmoagatik".

Ildo horretan, Hondarribiko esperientzia "mugarri bat" dela nabarmendu du. "Urteak daramatzagu eskaera hori jasotzen familien aldetik, eta ilusioz lan egin dugu uda honetan gauzatu dadin. Gure ustez, bizipen paregabea izango da parte hartzaileentzat", esan du.

Berrikuntza horretaz gain, udaleku irekien programak ohiko eskaintzari eutsiko dio aurten. 10 eta 21 urte bitarteko 140 haur eta gazterengana iritsiko da, eta 40 begiralek parte hartuko dute. Ekainaren 30etik uztailaren 18ra bitartean egingo dira udalekuak, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:30era, Andoainen, Aretxabaletan, Beasainen, Donostian, Errenterian, Irunen eta Zarautzen. Izena emateko epea itxita dago jada.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado