Donostiako Itsasertzeko Foru Bideometria Sareko kamerek eguzki eklipsea zuzenean emitituko dute

Eguzki eklipsea
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 11 agosto 2026 13:27

DONOSTIA 11 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak aldi baterako birbideratuko ditu bere Itsasertzeko Foru Bideometria Sareko kamerak, edonork etxetik datorren asteazken honetan, abuztuaren 12an, eguzki eklipsea jarraitu ahal izan dezan, bereziki desgaitasuna duten edo mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei begira.

Foru Aldundiak azaldu duenez, "ekimen hau desgaitasuna duen pertsona batek egindako eskaeraren ondorioz sortu da. Pertsona horrek Jasangarritasun Departamentuari helarazi zion eklipsea bere etxetik ikusi ahal izateko nahia, Gipuzkoako hondartzetako webcamen bidez". Departamentuak eskaerari erantzutea erabaki du, eta aldi baterako kamerak herritar guztien zerbitzura jarriko ditu fenomeno astronomikoak iraun bitartean.

Jose Ignacio Asensio Jasangsarritasuneko diputatuak adierazi duenez, "banakako eskaera batek aukera bat ikusarazi digu askoz pertsona gehiagok gozatu ahal izan dezaten guztiontzat irisgarria izatea nahi dugun gertakari batez". Nabarmendu duenez, "eklipsea kostaldera joan ezin diren pertsonei hurbiltzea ahalbidetzen digun tresna publiko bat badugu, zentzuzkoa da haien eskura jartzea".

Interesa duten pertsonek Gipuzkoako hondartzetako webcamen bidez zuzenean ikusi ahal izango dituzte irudiak, eta eklipsea zein hondartzatik jarraitu nahi duten aukeratu ahal izango dute. Zehazki, kamerak honako hondartza hauetan daude: Hondarribia; Zurriola, Kontxa eta Ondarreta, Donostian; Antilla, Orion; Zarautz; Malkorbe, Getarian; Itzurun, Zumaian; Deban; Mutrikuko portuan; eta Saturraranen, Mutrikun.

HONDARTZEN BILAKAERA EZAGUTZEKO SORTUTAKO SAREA

Itsasertzeko Foru Bideometria Sarea Gipuzkoako hondartzak monitorizatzeko tresna bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak sustatua. Kamerek jasotako irudiek hareatzen bilakaera morfologikoa aztertzeko eta hainbat adierazle analizatzeko aukera ematen dute, hala nola hondartzaren azalera eta itsasertzaren lerroaren kokapena. Horrela, hondartzen kudeaketa hobetzen eta klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko egokitzapen neurriak diseinatzen laguntzen dute.

Sareak Gipuzkoako kostaldean zehar banatutako estazioak ditu, eta denbora serieak eskuratzeko aukera ematen du, hareatzen bilakaera ulertzeko, besteak beste, denboraleek, mareek eta haien morfologian eragina duten beste faktore batzuek eragindako fenomenoen aurrean.

Horrela, klima aldaketaren aurrean gure hondartzak ezagutzeko, babesteko eta egokitzeko sortutako azpiegitura batek aparteko erabilera izango du asteazkenean: ezaugarri horietako fenomeno astronomiko batez gozatzeko aukera emango die, beren egoera pertsonalagatik, kostaldera hurbiltzeko aukerarik ez duten pertsonei ere.

"Jasangarritasunak pertsonak zaintzea ere esan nahi du, eta inor ez uztea gizarte gisa partekatzen ditugun espazio eta esperientzietatik kanpo", azpimarratu du Asensiok. "Ekimen txikia da, baina oso ondo erakusten du zer nolako erakunde publikoa izan nahi dugun: entzuten duen, erantzuten duen eta baliabide publikoak pertsonen bizitza hobetzeko erabiltzen dituen erakundea".

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado