BILBO, 16 (EUROPA PRESS)
Durangoko Azokaren 58. edizioaren playlista entzungai dago jada, "abesti berrien fantasiaz gozatzeko". Euskal musika talde eta bakarlariek abenduaren 6tik 10era aurkeztuko dituzten nobedadeen lagin bat jasotzen du zerrendak, eta Badok atarian, Durangoko Azokaren webgunean eta Spotify plataforman dago entzungai.
Durangoko Azokaren arduradunen arabera, nobedade musikalen "uzta aberatsa" egongo da aurtengo edizioan, estilo askotariko musikarekin (elektronika, folka, popa, rocka, punka, indiea).
Bada, euskal musika talde eta bakarlarien nobedade horiek ezagutzen hasteko aukera dago jadanik, azokan aurkeztuko dituzten lanen lagin bat entzungai dagoelako 58. Durangoko Azokari eskainitako playlistean. Zerrendako abesti guztiak euskara hutsean dira.
Erreprodukzio zerrenda Badok atarian dago eskura, bigarren urtez; gainera, www.durangokoazoka.eus webgunean eta Spotify plataforman ere topatuko dute musikazaleek. Momentuz 60 abesti entzun daitezke, eta azoka heldu bitartean zerrenda eguneratzen joango da.
Zerrendako diskoak Landako Guneko erakusmahaietan egongo dira salgai, eta horietatik 70 zuzenean entzuteko aukera egongo da Ahotsenea gunean. Disko berrietako zenbait QR kode bitartez ere entzun ahalko dira azokan bertan.