EAEko biztanleen %39 nahiko edo oso ondo moldatzen da ezagutza teknologikoekin eta %24 gutxi edo nahiko gaizki

Archivo - Emakume bat ordenagailuaren aurrean
MINISTERIO DE TRABAJO - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 15 marzo 2023 13:54

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak 'Euskal kontsumitzaileen ohitura, erabilera eta gaitasun digitalak' azterlana argitaratu du asteazken honetan, Kontsumitzaileen Nazioarteko Eguna dela eta, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) "eten digitalaren" errealitatea aztertu du bertan. Bada, lanaren emaitzen areabera, EAEko herritarren %39 nahiko edo oso ondo moldatzen da ezagutza teknologiko eta informatikoei dagokienez, eta %24, aldiz, gutxi edo nahiko gaizki.

Kontsumobidek jakinarazi duenez, ikerketak bost taldetan sailkatu ditu galdeketari erantzun dioten pertsonak, aldagai batzuen arabera: teknologia adituak (%13,3), sareko ohikoak (%19), moderatu digitalak (%30,6), urrutikoak (%11,7) eta saren ibiltzeko mesfidantza dutenak (%25,4).

Profil muturrekoenak hartuta, genero eta adin eten bat ondoriozta daiteke, eta eten hori lausotu egiten da erdiko profiletan. Adibidez, teknologia adituen profilean %64 gizonezkoa eta %36 emakumezkoa da, eta %52k 44 urtetik behera ditu. Gainerako profilen artean, ordea, ehunekoak antzekoak dira generoari dagokionez, nahiz eta, urrutikoen artean, emakumeen kopurua %69ra iristen da eta, adinari dagokionez, ia guztiak 55 urtetik gorakoak diren.

Azterlanaren beste ondorio batzuk Interneten erabilera denborari lotuta daude: %19k adierazi du egunean sei ordu baino gehiago ematen dituela sarean, eta %22k hiru eta sei ordu bitartean. Herritarren %86k dio egunero erabiltzen duela. Internet erabiltzeko zailtasunei dagokienez, EAEko biztanleen %60k adierazi du eroso dagoela ingurune digitalean, eta %15 nahiko edo erabat deseroso sentitzen dela.

Ildo horretan, EAEko herritarren bazterketa digitalaren pertzepzioa aztertu da, ingurune digitaletik diskriminatuta edo baztertuta sentitzearekin lotuta. Bada, biztanleen erdia erabat edo zertxobait baztertuta sentitzen da ingurune digitalean, eta %35ek uste du laguntza edo aholkularitza behar duela gailu digitalak erabiltzeko. Administrazioarekin lotutako izapideei dagokienez, %39k uste du nahiko zaila edo oso zaila dela izapide digitalak egitea, eta %25ek, berriz, oso edo nahiko erraza dela. Herritaren %46k dio izapideak sarean egiteko prest dagoela.

ERAKUNDE PRIBATUEKIKO HARREMANAK

Bestalde, erakunde pribatuekiko harremanei dagokienez, %84k sareko banka erabiltzen du. Edonola ere, batez beste %27, eta %35 adineko pertsonen kasuan, zerbitzuetatik, sustapenetatik edo eskaintzetatik kanpo sentitzen da, baita aditu teknologikotzat jotako taldekoen artean ere.

Telekomunikazioen kasuan, sareko harremana txikiagoa da. Horrela, %44k dio erabiltzen duela, eta baztertua sentitzen direnen batez bestekoa %34 da. Bazterketa sentimendua erakusten dutenen batez besteko handiena energia sektorean ematen da (%38), eta sektore horretan %40k dio bere enpresarekin sarean komunikatzen dela.

Ildo horretan, Kontsumobidek nabarmendu du bazterketa sentimendu hori zeharkakoa dela, eta ez dela soilik pertsona helduenetara mugatzen. Galdetutako pertsonek diote digitalizazioan aurrera egiteko prest daudela, baina zalantzak edo arazoak izanez gero, telefono bidezko edo aurrez aurreko arreta mantenduko duen sistema misto batekin batera.

Kontsumobidek ere antzeman du joera hori, sarean izapidetutako erreklamazio eta kontsulta kopurua %50etik gorakoa baita dagoeneko, 2019an %9 baino ez zenean. Aldi berean, Kontsumobidek arreta pertsonal eta espezializatuari eusten dio hiru lurraldeetako zentroetan, baita telefono bidezko arretari ere, herritarrek adierazitako premiak izaten jarraitzen baitute.

Azkenik, herritarrek kontsumoaren arloan dituzten eskubideak ezagutzen ote dituzten ere aztertzen da: %48k dio jakingo lukeela nora jo eskubide horiek urratzen badizkiote, eta %55ek, berriz, bere eskubide digitalak ezagutzeko interesa duela dio.

Contenido patrocinado