Egoera zaurgarrian daudenei kulturarako sarbidea errazteko Gertu Kultura sarea sortu dute Bizkaian

Bizkairako Gertu Kultura sarea aurkeztu dute
BBK
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 12 mayo 2025 12:11

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei kulturarako sarbidea errazteko Gertu Bizkaia programatzaileen sarea jarri dute martxan Bizkaian. BBK Banku Fundazioak sustatu du ekimena Kultura Inklusiboaren aldeko 2024-2030 aldirako Estrategiaren esparruan.

Egitasmoa abiatu da "Bizkaiko kultura eskaintzaz gozatzeko aukera bizkaitar guztiei bermatzeko unea iritsi delako, batez ere oraindik eskaintza horretaz baliatzeko zailtasunak dituztenei", Koldo Bilbao BBK-ko kultura arloko arduradunak aurkezpenean nabarmendu duenez.

Bizkairako Gertu Kultura sarea astelehen honetan aurkeztu da Bilboko BBK Salan, eta, BBK-ko ordezkariaz gain, bertan izan dira Marta Font Gertu Kultura sareko arduraduna, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatua eta Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputatua, Bizkaiko Aldundia ordezkatuz, eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotzia, Bilboko Udalaren izenean.

Izan ere, bi herri erakundeek proiektua babestu dute, kultura aldaketarako benetako motorra izan dadin, "ezinbestekoa" delako kolektibo zaurgarriak publiko berri gisa sartzea.

Agerraldian azaldu dutenez, Gertu Kultura sarearen funtzionamendua erraza da. www.gertukultura.org/bizkaia doako plataformaren bidez, edozein zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten gizarte erakundeek sarrerak erreserba ditzakete artatzen dituzten gizataldeentzat.

Gainera, ekimenaren lehen fasean bat egin duten 21 kultura programatzaile publiko eta pribatuek eta aurki batuko diren guztiek prezio merkean eskainiko dituzte beren ohiko jarduerak (gutxienez %2ko edukiera erreserbarekin), baita ekitaldi espezifikoak, sartzeko lehentasuna, laguntza tresnak edota prestakuntza artistikoa ere.

Arriaga Antzokia, Euskalduna Bilbao Jauregia, BBK Sala, BOS Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra, Rekalde Aretoa, Arrantzaleen Museoa, El Pobal Burdinola edota Txakoligunea dira egitasmoareklin bat eginm duten kultureguneetako batzuk, eta asmoa da zerrenda etengabe handitzea.

"BBK Banku Fundaziotik pixkanaka kultura sektore osoa inplikatu nahi dugu inklusioaren aldeko ezinbesteko konpromiso honetan", esan du Bilbaok.

30 ELKARTE BAINO GEHIAGO

Egoea zaurgarrian dauden pertsonekin lan egiten duten 30 elkartek eta kolektibok baino gehiagok egin dute bat jada egitasmoarekin, besteak beste, Apnabi Autismo Bizkaia, Aspace, Caritas, EDE Fundazioa, Gorabide edo Lantegi Batuak.

Fontek adierazi duenez, "zaurgarritasun egoerez ari garenean, ez gara profil zehatz batez ari, baizik eta kolektibo batzuez, hala nola gaixo kronikoez eta adinekoez, adikzioen biktimez edo ikusi edo entzuteko desgaitasuna edo desgaitasun fisiko edo intelektuala duten pertsonez, etxerik gabeko pertsonez, migratuez edo askatasunik gabekoez", nabarmendu du Fontek.

Bada, bere esanetan, helburua da horiek guztiek ere "kulturak eskaintzen dizkigun onurez gozatzea, ludikoa ez ezik terapeutikoa ere badelako". "Izan ere, kulturak ilusioa eta oroitzapen zoriontsuak sortzen ditu, emozio positiboak pizten ditu, harremanak eta lagunak errazten ditu, herritarren bizitzan integrazio eta parte hartze aktiboaren sentimendua sustatzen du. Azken batean, bizitza osoa eta autonomoa garatzen laguntzen du", adierazi du.

Gertu Kultura sarearen bidez, ekipamendu bakoitzaren irisgarritasuna kontsulta, irakurketa errazeko informazioa eduki edota kolektiboen beharrizanak azaldu daitezke, irisgarritasun kate osoa beti bermatuta egon dadin.

Era berean, webguneak etengabeko prestakuntzako gordailu gisa ere funtzionatuko du, arteen eta kulturaren bidezko irisgarritasunari eta gizarteratzeari buruzko baliabideekin, ekimenaren konpromisoa delako kultura eragileak eta hirugarren sektorekoak modu egonkorrean elkartzea eta modu pertsonalizatuan aholku ematea.

Horretaz guztiaz gain, Gertu Kultura sareak bi ardatz osagarritan ere lan egingo du. Alde batetik, herritarrak sentsibilizatuko ditu kanpaina, jardunaldi eta topaketen bidez, gizarte aniztasuna eta bazterketa egoerak ikusarazteko eta horiei buruzko ezagutza sortzeko.

Beste alde batetik, Bizkaiko kultura sektorearen prestakuntza eta laguntzan ere lan egingo du. Ildo honetan, maiatzaren 30ean sareko mintegi bat izango da irisgarritasunari buruz, eta ekainaren 18an aurrez aurreko prestakuntza saioa izango da Bilboko Itsasmuseumen kultura programatzaileentzat, irisgarritasun kognitiboari buruz.

APROPA CULTURA

Bizkairako Gertu Kultura Apropa Cultura programaren babesean sortu da. Bartzelonako L'Auditori-k duela 19 urte hasitako programa da, eta, gaur egun, erreferentziazko sare inklusiboa da Espainiako Estatuko hainbat lurraldetan (gaztelaniaz, 'Acerca Cultura' esaten zaio).

Ia 200 kultura programatzaile barne hartzen ditu, eta elkartutako 1.800 gizarte erakunde baino gehiago Katalunia, Madril, Balear Uharteak eta Gipuzkoa artean. Zehazkiago, urte eta erdi baino gutxiagoan, Gipuzkoako Gertu Kultura sarea dagoeneko 3.372 pertsonak 290 esperientziatan parte hartzea lortu du, "35 kultura programatzaile eta 160 gizarte erakunderen lankidetzari esker". "Eta sare horrek hazten jarraitzen du egunez egun", esan du Fontek.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado