BILBO 15 Feb. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, ostegunean, otsailaren 16an, ildo beretik jarraituko dugu. Hodeiak gailenduko dira ipar partean eta noizean behin euri-langarra edo euri arina utziko dute. 1.200 metrotik gora elur-prezipitazioak izango dira. Zenbat eta hegoalderago mugitu, orduan eta saretuago agertuko da hodeitza eta Nafarroa hegoaldean eta Araba hegoaldean ostarte politak irekiko dira.
Tenperaturak koska pare bat irabaziko du. Izotza barnealdeko zoko batzuetan soilik botako du eta beroenak 6 eta 11 gradu artean geldituko dira. Haizeak iparraldetik jotzen jarraituko du eta Ebro ibarrean oraindik tarteka zakar ibiliko da. Hiriburuetan, Bilbon 6 gradu espero dira gutxienez eta 10 gehienez, Donostian 5 gutxienez eta 9 gehienez, Gasteizen 3 gutxienez eta 6 gehienez, eta Iruñean 2 gutxienez eta 8 gehienez.
Itsasoan ipar-ekialdeko haizea ibiliko da 3ko indarrarekin, eta itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu hasieran, eta egunean zehar txikituz joango da metro bateko inguruko olatuak altxatu arte. Itsasgorak 10:45ean eta 23:29an izango dira, eta itsasbeherak 3:57an eta 16:51n. Uraren tenperatura 12-13 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro artekoa izango da.