Elhuyar Fundazioak jarri du martxan zientzia eta teknologiaren IX. Zernola Olinpiada

Zernola Olinpiadaren maskota: Armix
ELHUYAR FUNDAZIOA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 16 septiembre 2010 14:02

BILBO 16 Sep. (EUROPA PRESS) -

Elhuyar Fundazioak zientzia eta teknologiaren IX. Zernola Olinpiada jarri du martxan, www.zernola.net atariaren bitartez. Euskal Herriko DBHko 1. eta 2. mailako ikasgelei dago zuzendua, eta 2010eko urria eta 2011ko apirila bitartean egingo da. Hilabete horietan, zientzia eta teknologiaren inguruko bost proba gainditu beharko dituzte parte-hartzaileek, eta gela bakoitzak sortuko duen blog batean zintzilikatu beharko dituzte proben ebazpenak. Izena emateko epea zabalik dago www.zernola.net webgunean bertan, antolatzaileek adierazi dutenez.

Elhuyarrek antolatzen duen olinpiada honen egutegia jada finkatuta dago, eta proba bakoitzaren gaia ere zehaztu dute antolatzaileek: lehenengo proba matematikaren ingurukoa izango da; bigarrenean, kimika zientzia-kazetaritzarekin uztartu beharko dute; hirugarrenean, IKTen inguruko ikerketa soziologiko bat egitea proposatuko zaie parte-hartzaileei; laugarrenean, euren herriko ibaira txangoa egin beharko dute ikertzaile gazteak ur-emaria ikertzeko; eta, azken proban, ilusio optikoekin jolastuko dira gazteak. Lehenengo proba urriaren 18an argitaratuko da, eta parte hartzen duten ikasgelek ia hilabeteko epea izango dute hura ebazteko.

Proba bakoitzaren amaieran opariak izango dira, eta proba hoberena egin duen ikasgelak sari bat jasoko du, gelako ikasle guztientzat. Bestalde, Olinpiadaren amaieran puntu gehien dituzten hiru ikasgelek sari berezi bat jasoko dute: lehenengo postuan sailkatzen direnak Senda Viva natura-parkera joango dira bi egun pasatzera; bigarren sailkatzen direnak, berriz, Zuhatzako uhartean egingo dute bi eguneko egonaldia, eta hirugarren postuan sailkatutakoek Sobrongo abentura-parkean egingo dute egun-pasa.

Zernola Olinpiadaren helburua da gazteei zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna piztea, talde-lana eta sormena sustatzea eta, era berean, teknologia berrietan trebetasuna harraraztea.

Sailkapen nagusian lehenengo postua lortzen duen ikasgelari Senda Viva parkeak emango dio saria; bigarren postuan sailkatzen denaren saria, berriz, Arabako Foru Aldundiaren kontura joango da eta hirugarren postukoarena Sobron Abentura taldeak emango du. Joan-etorriez, Aizpurua Autobusak enpresa arduratuko da.

Proba bakoitzari dagozkion sarien babesleak hauek dira: Berria, Kukuxumusu, Elkar, Gaztezulo, Skunfunk, Donostiako Aquariuma, Zientziaren Kutxagunea, Karpin Abentura parkea, Astizko Kobak (Mendukilo) eta Iruñeko Planetarioa.

Contenido patrocinado