Enkarni Genuak jasoko du Eusko Ikaskuntzaren 2022ko Manuel Lekuona saria

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Enkarni Genua saritua.
EUSKO IKASKUNTZA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 26 octubre 2022 13:46

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Enkarni Genua antzerki eta txotxongilo sortzaile, idazle eta kultur dibulgatzaile donostiarrak jasoko du aurten Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Horrela, Eusko Ikaskuntzak orain arte saritu ez duen sormenaren esparru bat aitortu nahi izan du, eta Genuaren ekarpena balioan jarri.

Eusko Ikaskuntzak 1983an sortu zuen Manuel Lekuona saria, euskal kulturaren alde egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona ospetsuen obra osoa aintzatesteko.

"Txontxongiloen bidez, Enkarni Genuak euskal mitologiaren kondairak biziberritu eta gizarteratu ditu, ahozko transmisioaren bidez haurrenganaino helduz, euren iruditeria aberastuz eta euskal ahozko tradizioa balioan jarriz", nabarmendu dute Eusko Ikaskuntzako ordezkariek.

Nazioartean "baldintza zailetan eta baliabide gutxirekin" egin duen lana ere goraipatu dute: "Txotxongiloen euskarazko emanaldiak nazioarteko jaialdietara eraman ahal izatea ahalbidetu du, euskal kulturaren sustraiak ederki islatuz".

Enkarni Genua (Donostia, 1942) Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Letren lizentziaduna da, eta 1971n, Manolo Gomezekin batera, Txotxongillo taldea sortu zuen. Talde horrekin, mende erdi baino gehiagoan, txotxongilo antzerkia euskaraz egin du hainbat herrialde, hiri, eskualde, herri eta auzotan.

Idazle gisa, hainbat generotako haur eta gazte literaturako lanak (antzerki eta telebista gidoiak, ipuinak, diskoak) eta material didaktikoak argitaratu ditu. Bere sorkuntzetan, ahozko literaturaren eta euskal mitologiaren elezaharrak suspertzeko ahalegina nabarmentzen da, publiko berrietara egokituz.

1992tik, Titirijai Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia martxan jartzen lagundu zuen, eta, ondoren, TOPIC Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroa sortzen, biak Tolosan (Gipuzkoa). Sormen gaitasuna eta ezagutzak ere partekatu ditu, aisialdiko begiraleen, irakasle eskolako ikasleen eta eskola tailerretako ikasleen prestakuntzaren bidez.

Hainbat aitorpen eta sari jaso ditu, besteak beste, Bilboko Udaleko Ercilla Saria (1980) edo Arte Eszenikoetako Ibilbidea aitortzen duen Victoria Eugenia Saria (2007). Donostiako Udalak hiritar merezimenduaren domina eman zion Txotxongilo taldeari 2013an.

EPAIMAHAIA

Manuel Lekuona saria ebazteko, 2014tik Euskal Komunitate Globalaren iritzia eskatzen da bozketa ireki bidez, eta ondoren, epaimahai instituzional batek balioztatzen du emaitza. Aurten, Eusko Ikaskuntzaz gain, Soinuenea Fundazioa, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Unesco Etxea, Etxepare Euskal Institutua eta Euskarabidea erakundeetako ordezkariek osatu dute.

Manuel Lekuona saria gauzatzen duen Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura ekitaldi publiko batean emango zaio Enkarni Genuari, oraindik zehaztu gabe dagoen egunean.

Contenido patrocinado