Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren 12. ediziora hautagaitzak aurkezteko epea ireki dute

Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren 12. Ediziora hautagaitzak aurkezteko epea ireki dute
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 12 junio 2026 11:09

BILBO 12 (EUROPA PRESS)

Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren 12. edizioa jarri dute abian, eta hautagaitzak aurkezteko epea uztailaren 10era arte egongo da zabalik. Oinarriak Etxepare Euskal Institutuaren webgunean (www.etxepare.eus) kontsulta daitezke.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Etxepare-Laboral Kutxa Sariak euskarazko literatura irakurle berriengana iristea eta beste hizkuntza, merkatu editorial eta kultur testuinguru batzuetan bere presentzia indartzea ahalbidetzen duten itzultzaile eta argitaletxeen lana aitortzen du 2015etik, euskal literaturaren nazioarteko zirkulazioan egiten duten ekarpena balioan jarriz.

Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza dakartza saritutako lanen nazioarteko zabalkundea indartzea helburu hartuta. Nabarmenena sariaren zuzkidura ekonomikoaren igoera da, 4.000 eurotik 6.000 eurora pasa baita. Zenbatekoa itzultzaileak eta lana argitaratu duen argitaletxeak jasoko dute, erdibana.

Halaber, nazioarteko sustapen jardueretarako laguntza osagarria ere handitu da, 2.000 eurotik 3.000 eurora. Zenbateko hori sari banaketara bertaratzeko edo itzulpena plazaratu den herrialdean obraren zabalkundea sustatzeko erabili ahal izango da; adibidez, aurkezpenak, komunikazio kanpainak, elkarrizketak edo irakurleekin topaketak egiteko.

Gainera, Etxepare Euskal Institutuaren 'AT! Itzulpena: literatura' deialdiaren bidez lagundutako lanak automatikoki izango dira sarirako hautagai, betiere oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Euskarazko literaturaren itzulpena nazioarteko zabalkundea aitortzen dituen saria Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariak ez du soilik itzulpen baten kalitatea aitortzen, jatorriz euskaraz idatzitako obra bat irakurle berriengana iristeko eta beste literatur sistema batzuetan txertatzeko egiten den lana ere baloratzen baitu. Horregatik, epaimahaiak kontuan hartuko ditu itzulpenaren kalitatea zein argitaletxearen ibilbidea eta egindako sustapen lana.

Ikuspegi bikoitz horri esker, sariak aitortza partekatua egiten die lan baten itzulpena gauzatzen dutenei eta haren nazioarteko zabalkundean eta ikusgarritasunean laguntzen dutenei. Horrela, euskarazko literatura bere muga linguistikoak gainditu eta irakurle nahiz literatura-sistema berrietara iristea ahalbidetzen duen prozesu osoa jartzen du balioan.

2025ean beste hizkuntza batean argitaratutako euskarazko literatur lanen itzulpenak aurkeztu ahal izango dira sarira. Hautagaitza itzultzaileak, argitaletxeak edo liburugintzaren, literaturaren nahiz itzulpengintzaren arloko beste edozein eragilek aurkeztu ahal izango du. Sari banaketa Itzultzaileen Nazioarteko Egunaren inguruan egingo da, eta Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak datozen asteetan emango dituzte ezagutzera tokia eta data.

Contador

Contenido patrocinado