BILBO 11 (EUROPA PRESS)
Europako museo ekitaldirik ospetsuena egingo da ostegun honetatik igandera Bizkaian, European Museum of the Year Awards (EMYA) biltzar eta sari banaketa ekitaldia, hain zuzen ere. Bilboko Euskararen Etxeak Europako Kontseiluaren 2025eko Museoen Saria jaso zuen, eta aurten nazioarteko topaketaren anfitrioia da.
Euskararen Etxeak eta Europako Museoen Foroak elkarlanean antolatutako topaketa museoen sektoreko profesionalentzako eta kultur eragileentzako hiru eguneko biltzarra izango da, Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.
Europako hainbat museoen ordezkari batuko dituen hitzordua Euskararen Etxean hasi zen asteazkenean, eta ostegun honetatik, biltzarra Euskalduna Bilbao Jauregian egingo da, eta sari banaketa ekitaldia Guggenheim Bilbao Museoan. Era berean, parte hartzaileek Bizkaiko eta Bilboko zenbait museo eta eskualde ezagutzeko aukera izango dute.
EMYA 2026 sarietarako izendatutako 17 herrialdetako 34 museok beren lorpenak aurkeztuko dituzte Bilbon. Ekitaldiak, besteak beste, etorkizunera begirako estrategiak garatzea du helburu, egungo erronkei erantzuteko eta elkarrizketarako eta hezkuntzarako espazioak sortzeko, komunitateetan eta komunitateentzat.
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak esan duenez, "Europako askotariko 300 profesional bilduko dira topaketan, eta aukera paregabea izango da Bizkaiko museoen sarea erakusteko, gure bikaintasuna eta profesionaltasuna gure kide europarren aurrean azaltzeko".
Ia bost hamarkadatan zehar, EMYAk museo jardunaren berrikuntzan eta kalitate publikoan bikaintasuna defendatu du, herritarren, demokraziaren, giza eskubideen eta jasangarritasunaren aldeko konpromiso irmoa erakutsiz, eta muga kultural, sozial zein politikoak gainditzen lagundu du.
2026ko edizioan, 'Museoak eraldatzen: erabateko inklusioa' lelopean, museoek aurrez ezarritako egiturak nola gaindi ditzaketen, irisgarritasuna nola hobetu dezaketen eta askotariko komunitateentzat benetan inklusiboak diren kultur espazioak nola sustatu ditzaketen jorratuko da.
EGITARAUA
Egitarauari dagokionez, EMYA 2026ko sarietarako izendatuak aurkeztuko dira eta mahai inguru tematikoak izango dira ostegun honetan Euskalduna Bilbao Jauregian; hain justu, lau izango dira mahai inguruak, eta inklusioa eta komunitatea izango dituzte hizpide: 'Zailena ikusarazten', 'Guztiontzako museoa: programa inklusiboak', 'Komunitateak buruan?' eta 'Zentzumenen bidez publikoarekin konektatzea'. Hitzaldiak ere izango dira.
Ostiralean, ekainare 12an, bigarren eguna ere Euskalduna Bilbao Jauregian izango da, eta, aurreko eguneko formatuari jarraituz, antzeko jarduerak izango dira: hitzaldiak eta mahai inguruak. Berbaldiei dagokienez, Helen Charman doktore, Londresko Young V&A museoko zuzendariak eta 2026ko Europako Kontseiluaren Museoen Sariaren irabazleak 'Jolasa, errebeldia sortzailearen ekintza gisa' hitzaldia emango du. Goizeko mahai-inguruan ere jolasa eta haurrak izango dira protagonista: 'Haur eta gazteen ahalduntzea: ikuspegi berriak'.
Gainera, beste hiru mahai inguru izango dira: 'Arte-, diseinu- eta arkitektura-museoak eraldatzen', 'Iragana argitara ateratzen, orainaren mesedetan' eta 'Objektuetatik harago doazen oihartzunak: ukiezina dena komisariatzea'. Iluntzean, parte hartzaileek Athletic Club Museoa bisitatuko dute.
Ostiralean, ekainaren 13an, biltzarrak Euskalduna Blibao Jauregian jarraituko du goizez, eta arratsalde-iluntzean, EMYA 2026ko sari banaketaren ekitaldia eta afaria izango dira Guggenheim Bilbao Museoan. Hala, 18:00etan EMYA 2026ko sariak banatuko dira, eta 21:00etan gala afaria egingo da.
Azkenik, igandea, ekainaren 14a, Bizkaia ezagutzeko txangoen eguna izango da. Hasteko, Bilboko itsasadarra ezagutzeko irteera izango da itsasontzian. Gainera, parte hartzaileek Balmasedan kokatuta dagoen La Encartada Fabrika-Museora joango dira, eta handik, Gallartako Meatzaritzaren Euskal Museora joango dira. Bukatzeko, Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunea eta Bermeoko Arrantzaleen Museoa bisitatuko dituzte.