BILBO 21 Nov. (EUROPA PRESS) -
Mondragon Unibertsitateak eta Innobasquek gaur goizean egin dute Zamudion (Bizkaia) PMP egiaztagiria lortzeko lehenengo programaren hasierako saioa. PMP agiriak proiektuen zuzendaritzarako lanbide-gaitasuna egiaztatzen du, eta Project Management Institute-k ematen du.
PMP (Certified Project Management Professional) egiaztagiria proiektuen zuzendaritzarako
lanbide-gaitasunaren ziurtagiria da, nazioartean onarpen globalik handiena duena. Azken urteotan, mundu osoko erakunde eta enpresek beren proiektuen arduradunei eta beraientzat proiektuak egiten dituzten enpresetako arduradunei eskatzen dieten oinarrizko baldintza edo betebehar bihurtu da.
Gaur goizean egin den programa-hasierako saioan parte hartu dute
Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko (MU) errektoreak, Xabier Sagarna MUko Goi Eskola Politeknikoko Etengabeko Prestakuntzako zuzendariak, Jose Luis Abaunz MUko Enpresa Zientzien Fakultateko Etengabeko Prestakuntzako zuzendariak, Jose Maria Villate Innobasqueko zuzendariak nagusia eta Miguel Saenz de Viguera Innobasqueko Zuzendaritza Nagusiko aholkularia eta Programaren zuzendaria.
Programa honek PMP egiaztagiria lortzeko azterketa gainditzeko behar den prestakuntza ematen du, munduko erakunde nagusiek beraientzat egiten diren proiektuen zuzendariei eskatzen dieten egiaztagiria. Lehenengo edizioa Euskadin 40 parte-hartzailerekin
hasi da, ezagutza eta teknologia aurreratuko euskal enpresa nagusietako proiektu-zuzendari eta arduradunak direlarik.
Programaren lehenengo edizio honen prestakuntza-saioak 2009ko martxoaren 20 arte luzatuko dira, eta Innobasquek Zamudioko Parke Teknologikoan dituen instalazioetan izango dira, astero, ostiral goizez, parte-hartzaileen lan profesionalarekin bateragarri izan daitezen.
Programa honekin, Innobasquek eta Mondragon Unibertsitateak Euskadin dagoen gabezia bat konpontzen hasi nahi dute, alegia, proiektuen zuzendaritzarako lanbide-gaitasunaren nazioarteko egiaztagiri hau duten profesionalen gabezia, egoera hori hasia baita euskal enpresei lehiarako eragozpen larriak sortzen.