EUSKADI.-Euskal Autonomia Erkidegoko BPG %3,1 gehitu zen urteko lehen hiru hilabeteetan

Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 19 mayo 2008 13:29

BILBO 19 May. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoak sortutako Barne Produktu Gordinak (BPG) %3,1eko hazkunde erreala izan zuen 2008ko lehen hiruhilekoan, 2007ko epe berarekin alderatuta, Eustatek emandako datuen arabera. Euskal ekonomian hazkunde txikiagoa egon zen (aurreko hiruhilekoaren aldean bost dezimal), baina BPGaren gehikuntza hau "positibotzat" jo daiteke; izan ere, erkaketa aldiak, 2007ko lehen hiruhilekoan, %4,1eko tasa nabarmena lortu zuen.

Modu honetan, %3,1eko hazkunde tasak ehuneko lau dezimaletan gainditu zuen espainiar ekonomiak izandakoa (%2,7), zazpi dezimaletan EB-27rako zenbatetsitakoa (%2,4) eta sei dezimaletan AEBetakoa (%2,5).

Euskal BPGaren hiruhileko arteko gehikuntza, 2007ko laugarren hiruhilekotik 2008ko lehen hiruhilekora, %1ekoa izan da. Hiruhileko arteko aldakuntza hau %0,3koa izan da espainiar ekonomian, %0,7koa 27en Europako Batasunaren batez bestekoan eta %0,1ekoa Estatu Batuetako ekonomian.

Sektore eskaintzaileen ikuspegitik, Lehen sektorearen eta Zerbitzuen hazkundea batez bestekoaren gainetik egon zen; Industriaren eta Eraikuntzaren hazkundea, berriz, motelagoa izan zen.

Horrela, Industriaren sektoreak, %1,9ko urte arteko tasarekin, BPGaren batez bestekoaren azpiko jarduera maila izan zuen urteko lehen hiruhileko honetan, eta aurreko hiruhilekoan baino lau dezimal gutxiago hazi zen.

Eraikuntzaren sektoreak, zenbait urtez BPGaren batez besteko hazkundea baino hazkunde handiagoa izan ondoren, joera hori hautsi zuen bigarren hiruhilekoz, %2,4ko hazkundearekin. Gainera, jardueraren barne-trasbase intentsuagoa gertatu zen, eraikuntzaren azpisektoretik obra zibilaren azpisektorera.

Zerbitzuen sektoreak BPGarena baino tasa positiboagoa aurkeztu zuen, %3,6ko hazkunde globalarekin. Halere, bere barruko jokabideak oso ezberdinak izan ziren. Horrela, Merkatuko zerbitzuek %3 urte arteko hazkundea izan zuten, BPGaren haazkunde tasaren antzekoa. Merkatukoak ez diren zerbitzuek, bestalde, urte hasiera aktiboa izan zuten, %6,5eko urte arteko hazkundearekin. Haien ekarpena funtsezkoa izan zen zerbitzuek izandako jarduera maila zehazteko.

Lehen sektoreak %4,6ko urte arteko aldakuntza positiboa lortu zuen, BPGaren gehikuntzaren gainetik. Arrantza azpisektoreak nekazaritzak baino bilakaera hobea izan zuen, haren tamaina txikiak eta prezioen gorabeherek hazkunde tasen izaera aldakorra eragiten baitute.

ESKAERA

Eskaerari dagokionez, hiruhileko askotan lehen aldiz, barne eskaeraren bilakaera (%3,1) BPGaren berdin-berdina izan zen. Beraz, kanpoko saldoaren ekarpena neutroa izan zen, eta ez negatiboa, aurreko hiruhilekoetan bezala. Horrek aldaketa nabarmena erakusten du aurreko hiruhilekoen aldean, horietan barne eskaeraren gehikuntza BPGaren bilakaera baino handiagoa baitzen, BPGaren hazkundeari kanpoko saldoa kenduz.

Osagaien araberako analisia eginez gero, etxeetako azken kontsumoko gastuak (kontsumo pribatua) %2,4ko hazkunde tasa izan zuten (aurreko hiruhilekoan baino zortzi dezimal gutxiago), barne-eskaeraren moteltasuna azaltzeko funtsezkoa dena.

Administrazio publikoen azken kontsumoko gastuak (kontsumo publikoa), ondasun eta zerbitzuetako gastu publikoaren itzalpean, %4,9ko gehikuntza izan zuen, eta haren hazkundea apur bat areagotu zen aurreko hiruhilekoen aldean.

Kapitalaren Eraketa Gordinak (Inbertsioa) %3,6ko urte arteko hazkundea izan zuen, eta eskaeraren faktorerik dinamikoenetako bat izaten jarraitu zuen. Halere, hazkunde-tasa apaldu zuen, eraikuntzak eta ekipamenduko ondasunek bultzada txikiagoa zutelako.

Esportazioek, guztira, %8,3ko hazkundea izan zuten, eta inportazioek, guztira, %8,1ekoa. Beraz, finean, EAEko kanpo saldoa parametro orekatuetan mantendu zen.

Pertsonal okupatuaren kopurua %1,7 hazi zen 2007ko lehen hiruhilekoaren aldean, eta aurreko hiruhilekoaren kopuruen aldean %0,2 jaitsi zen. Egitate nabarmen bat izan zen ekonomiaren lanpostu kopuru osoa milioi bat pertsonatik gorako kopuruan mantendu zela 2008ko lehen hiruhilekoan (1.016.063 lanpostu), laugarren hiruhilekoz jarraian.

Lau sektore handiek tasa positiboak izan zituzten langileen kopuruan. Nekazaritza eta Arrantza eta Zerbitzuak nabarmendu ziren, haien urte arteko hazkundea batez bestekoa baino handiagoa izan baitzen: %2,1 eta %2,3, hurrenez hurren.

Lurralde historikoaren araberako BPGaren bilakaerari dagokionez, 2008ko lehenbiziko hiruhilekoan, Bizkaiak eta Gipuzkoak, urte arteko hazkundearen %3,2arekin eta %3,1arekin, hurrenez hurren, Araba gainditu zuten, haren hazkundea %2,8 izan baitzen.

Contenido patrocinado