Euskadiko ekonomia %2,2 eta enplegua %1,7 hazi dira urteko bigarren hiruhilekoan

- EUROPA PRESS - Archivo

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 20 septiembre 2019 10:34

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordinak (BPG) %2,2ko hazkundea izan du 2019ko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, eta %0,6koa urteko lehen hiruhilekoaren aldean. Bi hazkunde tasak aurreko hiruhilekorako zenbatetsitakoen berdinak dira. Halaber, enpleguak %1,7 egin du gora bigarren hiruhilekoan, urte arteko tasan, eta %0,5 hiruhileko artean, Eustat estatistika erakundeak jakinarazi duenez.

Urteko bigarren hiruhilekoko hazkunde tasek aurreko uztailaren 30eko kontuen aurrerapenean zenbatetsitako bilakaera berresten badute ere, BPGren urte arteko tasa hamarreko bat murriztu da.

EAEko lurralde historiko bakoitzeko BPGren bilakaerari dagokionez, urte arteko hazkunderik handiena Gipuzkoan izan da, %2,5eko gehikuntzarekin, eta ondoren, Bizkaian, %2,1ekoarekin. Araban izan da hazkunde txikiena, eta 2019ko bigarren hiruhilekoko BPG 2018ko bigarren hiruhilekokoa baino %1,8 handiagoa izan da. Urteko lehen hiruhilekoaren aldean, Gipuzkoa %0,7 hazi da, Bizkaia %0,6 eta Araba %0,5.

Eskaintzaren ikuspegitik, 2019ko bigarren hiruhilekoko BPGren urte arteko hazkundea jarduera sektore guztietan izandako bilakaera positiboaren ondorio da -lehen sektorean izan ezik-. Zerbitzuak sektorea eta eraikuntza nabarmendu dira; industriak hazkunde txikiagoak erregistratu ditu, hirugarren hiruhilekoz jarraian.

Lehen sektoreak bilakaera negatiboa erregistratu du, eta aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta %0,1 murriztu da balio erantsia. Hala ere, aurreko hiruhilekoaren aldean, bilakaera positiboa da, hiruhileko arteko %2,5eko hazkundea izan baita.

Industria sektoreak %0,8ko urte arteko hazkunde tasa izan du bigarren hiruhilekoan, aurreko bi hiruhilekoetan hautemandako tasak baino pixka bat handiagoa, baina azken bost urteetan zenbatetsitako bilakaeraren azpitik. Hiruhilekoen datuak kontuan hartuz, hazkunde horrek %0,6ko tasa dakar. Manufaktura industriaren bilakaera industria osoa baino hamarren bat azpitik kokatu da, hala urte arteko datuei nola hiruhileko arteko datuei dagokienez.

Eraikuntza sektoreak aurreko hiruhilekoetan baino dinamismo txikiagoa erakusten badu ere, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, % 2,9 hazi da. Hiruhileko arteko hazkundea % 0,2koa dela kalkulatu da.

Zerbitzuak sektorea etengabe hazi da jarduerako hiru azpisektoreetan. Oro har, 2018ko bigarren hiruhilekoaren aldean %2,6 hazi da eta, 2019ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, %0,5. Merkataritza, ostalaritza eta garraio adarrak erakutsi du dinamismo txikiena, hiruhilekoan izan duen hazkundea aurreko hiruhilekotan izandakoa baino pixka bat txikiagoa delako; urte arteko datuak hartuz, adar hori %2,5 hazi da eta, hiruhileko arteko datuak hartuz, %0,5.

Aitzitik, gainerako zerbitzuak deituriko adarrak -besteak beste, jarduera profesionalak, finantza jarduerak eta aseguruak hartzen ditu barne- azken aldietan ikusitako bilakaera hobetu du, gero eta urte arteko tasa handiagoekin. Urte arteko hazkundea %2,9an zenbatetsi da, eta horrek %0,6ko aldaketa dakar 2019ko lehen hiruhilekoarekin alderatuz. Azkenik, Administrazio publikoa, hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak adarrak aurreko aldietan erregistratutako hazkunde profil bera mantendu du, urte arteko %2,3ko hazkundearekin eta hiruhileko arteko %0,6ko hazkundearekin.

Sektoreko agregatuen jokabideak balio erantsiaren bilakaera positiboa ekarri du 2019ko bigarren hiruhilekoan: aurreko urteko hiruhileko berean baino %2,2 altuagoa eta urteko lehen hiruhilekorako zenbatetsitakoa baino %0,6 handiagoa.

ESKAERA

Bestalde, eskaeraren ikuspegitik, urte arteko datuei dagokienez, kanpo sektoreak BPGren hazkundean izandako ekarpen positiboa nabarmendu da urteko bigarren hiruhilekoan. Hori gertatu da barne eskaeraren urte arteko hazkundea (%2,0) BPGren urte arteko hazkundea (%2,2) baino txikiagoa delako, neurri handi batean kapital eraketa gordinak indarra galdu duelako. Esportazioek eta inportazioek jokabide positiboa izan duten arren, esportazioak inportazioak baino gehiago hazi dira (%2,8 eta %2,6, hurrenez hurren).

Familia etxeen azken kontsumoko gastuak edo kontsumo pribatuak urte arteko hazkundeko profila pixka bat moteldu du, %1,9ko aldakuntza tasa emanez (2019ko lehen hiruhilekoan ikusitako %2,2rekin alderatuta). Hiruhileko arteko datuak %0,3 hazi dira, aurreko hiruhilekoan hazi zena baino hamarren bat azpitik.

Kontsumo publikoak edo administrazio publikoen azken kontsumoko gastuak profil dinamikoagoa jarraitzen du, bigarren urtez jarraian %2,0ko hazkunde tasa erakutsiz, 2018an zehar hautemandako balioen gainetik. Hiruhileko arteko datuei dagokienez, aldakuntza tasa %0,3 dela zenbatetsi da.

Administrazio publikoen azken kontsumoko gastuaren eta familia etxeen azken kontsumoko gastuaren bilakaera bateratuaren emaitzak azken kontsumoko gastuaren %1,9ko hazkundea ekarri du urteko bigarren hiruhilekoan; aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, hazkundea %0,3koa izan da.

Bestalde, kapital eraketa gordinak edo inbertsioak dezelerazio bat izan du 2019ko bigarren hiruhilekoan, %2,5eko urte arteko hazkunde tasa erakutsiz, aurreko hiruhilekotan hautemandakoak baino txikiagoa; urteko lehen hiruhilekoaren aldean %0,3 egin du atzera.

Jokabide hori ekipo Ondasunetan eta eraikuntzaren bilakaerari lotuago dagoen gainerako kapital eraketa gordinetan gertatu da. Ekipo ondasunen inbertsioa %2,2 hazi da urte artean (aurreko hiruhilekoan %3,3 hazi zen), eta beste inbertsioak %2,6 (2019ko lehen hiruhilekoan zenbatetsitako %4,4rekin alderatuta). Urte arteko hazkunde txikiago horiek hiruhileko arteko %0,4ko eta %0,2ko eragin dituzte, hurrenez hurren.

ENPLEGUA

Enplegu mailei dagokionez, lanaldi osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta, oro har, enpleguak %1,7 egin du gora 2019ko bigarren hiruhilekoan, urte arteko tasan (lehen hiruhilekoan baino hamarren bat gutxiago), eta %0,5 hiruhileko artean (lehen hiruhilekoan hazi zena baino bi hamarren gehiago).

Enplegu mailak bilakaera positiboa izan du jarduera adar guztietan urte artean zein hiruhileko artean. Urte arteko datuei dagokienez, lehen sektorean %1,1eko hazkundea gertatu da (aurreko hiruhilekoan emandako %1,5 baino pixka bat gutxiago), industrian %0,9koa (aurreko hiruhilekoaren berdina), eraikuntzan %3,3koa (urteko lehen hiruhilekoan baino 6 hamarren gutxiago) eta zerbitzuetan %1,8koa (aurreko hiruhilekoan %2,0 izan zen).

Urteko lehen hiruhileko datuekin alderatuta, sektore guztietan lanpostuak sortu dira: lehen sektorean %0,5eko hiruhileko arteko tasa positiboa eman da, industrian %0,4koa, eraikuntzan %1,1ekoa eta zerbitzuetan %0,5ekoa.

Contenido patrocinado