BILBO, 8 (EUROPA PRESS)
Euskaltel-Euskadi taldeak Iker Bonillo fitxatu du datorren denboraldirako eta Ibai Azurmendi, Unai Cuadrado eta Luis Ángel Maté txirrindularien kontratuak beste urtebeterako berritu ditu, euskal txirrindularitza taldeak jakitera eman duenez.
Bonillo Euskaltel-Euskadiren zazpigarren fitxaketa da, Jon Aberasturi (Lidl-Trek), Xavier Cañellas (Hiper Europa), Víctor de la Parte (TotalEnergies) eta Laboral Kutxa harrobiko Nicolas Alustiza, Iker Mintegi eta Unai Zubeldia gazteen ondoren.
Valentziako txirrindulari gazteak Italiako Project-Bardiani CSF-Faizanè Pro Team taldean egin ditu azken bi urteak, eta aurrerantzean txirrindulari profesional bezala hazten jarraituko du euskal taldearen eskutik.
2021ean Espainiako gazte nabarmenetako izan zen, laugarren izanik Espainiako Federazioko denboraldian eta bosgarren Espainiako Kopan, eta zuzenean egin zuen jauzia profesionaletara Bardiani azken bi urteetan elite profesionalean lehiatu den taldearekin.
Bonillo txirrindulari azkarra da, eta orain euskal taldera heldu da bere progresioarekin jarraitzeko eta Jon Aberasturi, Andoni Lopez de Abetxuko eta Xavier Cañellas moduko txirrindulari beteranoagoen ondoan pausoak emateko.
"OSO POZIK"
Txirrindularia "oso pozik" azaldu da Euskaltel-Euskadik fitxatu duelako, "beti izan baita talde erreferentea niretzat, eta plazer handia izango da bere kolore mitikoak defendatzea". "Beti hitz egin didate euskal zaleei buruz, bakarra baita, eta txunditu egin nau ikusteak nola laguntzen dion taldeari lasterketa guztietan eta nola betetzen dituen errepideak marea laranjarekin", esan du.
Esprintetan eta egun bateko lasterketetan taldeari abiadura punta ematea esperi du, eta puntuak batzen laguntzea, baita behar denean taldekideentzat lan egitea ere. "Italiako profesionaletako lehen bi denboraldi hauek baliagarriak izan zaizkit helmugetan esperientzia gehiago hartzeko eta txirrindulari gisa trebatzeko. Maila handiko probetan parte hartu ahal izan dut, eta, egia esan, munduko esprinterrik onenekin batera iritsi naiz. Urte horietan esperientzia handia izan dudala uste dut", adierazi du.
Datorrena "denboraldi bikaina" izatea eta taldeari "%100eko ekarpena" egitea espero du, eta naabarmendu du "ilusio berezia" egingo liokeela taldeak Espainiako Itzulian parte hartzeak eta aurreko ekitaldietan bezala nabarmentzeak.
Bestalde, Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunak azaldu duenez, "Iker Canalena moduko kasu bat da, junior mailatik profesionaletara zuzenean eman baitzuen jauzia. Gurekin hazteko beti bilatzen dugun profila da, txirrindulari azkarra eta etorkizunekoa, multzoari gaztetasun eta maila puntu hori eman ahal diona, hain zuzen ere".