Euskaltzaindiak 843 forma berri gehitu dizkio bere hiztegiari eta 2.376 moldatu ditu

Euskaltzaindiaren Hiztegia
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 18 enero 2024 12:07

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak 843 forma berri jaso ditu bere hiztegian eta beste 2.376 moldatu ditu azken sei hilabneteotan. Euskararen Akademiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak.

2016an bigarren argitalpena paperean atera zenetik egiten du horrela, eta 2023ko bigarren seihilekoan egindako lanaren emaitzak jaso ditu ostegun honetan sareratu den eguneratzeak, Euskaltzaindiko iturriek jakinarazi dutenez.

Gainera, gogorarazi dute 'Euskaltzaindiaren Hiztegia'-ren erabilera hobetu egin zela iaz: batetik, bilatzaile berria garatu zen, funtzionalagoa, bilaketa aukera berriak eskaintzen dituena; bestetik, hitzak aurkitzeko bide gehiago ematen ditu orain bilatzaileak eta, beraz, askozaz zehatzagoa da.

Hartara, azken sei hilabeteotan 843 forma berri jaso ditu Euskaltzaindiak bere hiztegian, hain zuzen ere, 73 sarrera, 389 azpisarrera eta 381 ohiko lexia. Era berean, 2.376 forma moldatu edo findu ditu: 2.194 sarrera eta 182 azpisarrera. Guztira, 49.471 forma, 66.523 adiera eta 108.630 adibide ditu orain hiztegiak.

Ohi den legez, forma berriak landu dira, baina bestelako lanak ere garrantzia handia du, Miriam Urkia 'Euskaltzaindiaren Hiztegia'-ren arduradunak gogoratu duenez: "Forma berriak sartzea bezain garrantzitsua da lehendik dagoena txukuntzea, eguneratzea, adiera batzuk egungo erabileren arabera berrantolatzea. Hiztegia argiagoa, erabilerrazagoa eta egungo beharretara egokitua izateko ezinbesteko lana".

Zentzu horretan, Urkiak beste atal askotan egiten den lana nabarmendu du, esaterako, formak aldatzerakoan, adierak berrikustean edo bestelako kontu gehigarriak gehitzerakoan. "Kasurako, oraingo eguneratzean 1.916 sarrera eta adibide moldatu edo ukitu dira. Esaterako, adibiderik gabe zeuden adiera batzuetan gehitu egin dira; egungo gizartearen ikuspegitik zaharkituak, desegokiak edo iraingarriak izan zitezkeenak ere aldatu dira, batez ere gizon eta emakumeen arteko berdintasunari erreparatuta" azaldu du.

Horrez gain, Euskara Batuaren Ortotipografiaren arau berrien arabera berrikusi eta egokitu dute hiztegia, eta, ohi bezala, adierak berrikusi, osatu eta findu dira, bai eta euskalki zein erregistro markak eta jakintza arloa ere.

Gainera, euskaltzain osoak beste berrikuntza deigarri bat aipatu du, lehenengoz 381 ohiko lexia jaso direla hiztegian, alegia. "Ohiko lexia figura berria da, forma konplexua, azpisarrerak bezala, baina oso gardena da eta ez du definizio beharrik ere. Beraz, informazioa eta adibideak besterik ez daude, gehienetan definizioa bera tautologikoa delako. Baina hitzen konbinazioak zuzen erabiltzeko argigarriak dira forma hauek. Azalpena behar dutenak edo adiera bat baino gehiago dituztenak azpisarrera izango dira, orain arte bezala", azaldu du. Aurrerantzean ohiko lexiaren zerrenda hau osatzen jarraituko dutela aurreratu du Urkiak.

EUSKAL HIZTEGI HISTORIKO-ETIMOLOGIKOA

Bestalde, beste iturri batzuk kontsultatzeko aukera eskaintzen du orain 'Euskaltzaindiaren Hiztegia'-k ('Orotariko Euskal Hiztegia', 'XX. mendeko corpusa', 'Lexikoaren Behatokia', 'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa'). Bada, 'Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa' ere gehitu da, eta "erabiltzailea zuzenean joan daiteke hiztegitik forma horren etimologia begiratzera, baldin eta EHHEn jasota badago, jakina".

Azkenik, esaera zaharrak aurreko eguneratzean jaso ziren, baina orain "dagokien sarrera guztietara lotura" egin dela jakinarazi du Urkiak. Atal horretan, 518 esaera zahar bildu dira.

Contenido patrocinado