Euskaltzaindiak "Argibide bibliografikoak: Euskararen Historia Soziala (EHS)" atal berria izango du bere webgunean

"Argibide Bibliografikoak: Euskararen Historia Soziala" Liburua
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 19 julio 2012 14:25

GASTEIZ 19 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaindiak atal berri bat zabalduko du bere webgunean, interneten kontsultatzeko. "Argibide bibliografikoak: Euskararen Historia Soziala (EHS)" izena du eta ostiral honetan, uztailaren 20an, aurkeztuko da Arabako Foru Aldundian, Gasteizen, eguerdiko 12:00etan.

Akademiak azaldu duenez, atala "Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak" deritzan liburuaren inguruan eratu da, betiere Euskararen Historia Soziala jakite-eremurako baliabide inprimatuen ezagutza hedatzeko asmoarekin.

2011n argitaratu zen liburu horren helburu nagusia Euskararen Historia Sozialari argibide bibliografikoak eskaintzea zen, eta atal berriaren xede nagusia ere horixe da, Euskararen Historia Sozialari buruzko tresna bibliografikoak guztion eskura jartzea, alegia.

Hala, bada, "Argibide bibliografikoak" liburuak ematen duenaz gain, atalak argibide osagarriak eskainiko ditu, Euskararen Historia Soziala ezagutzeko. Adibidez: autore baten lehen aurkezpena; ikasi eta ikertuz joateko, gai hautagarriagoak; erakunde, talde nahiz jakitunekiko lehen albisteak; eskura daitezkeen laguntza akademikoak.

Esan bezala, atal berria "Argibide bibliografikoak: Euskararen Historia Soziala (EHS)" liburutik abiatuta garatu da. Joseba Intxausti ohorezko euskaltzainak eta Izaskun Etxebeste eta Koro Segurola Euskaltzaindiko teknikariek paratu zuten edizio inprimatua, eta orain internetekoa prestatu dute.

Contenido patrocinado