ANDRE M. CHANG / ZUMA PRESS / CONTACTOPHOTO
BILBO 17 Dic. (EUROPA PRESS) -
Euskaltzaindiak eta UZEIk 2021eko hitza aukeratu dute: 'aldaera'. Lehen aldia da bi erakundeek urteko hitza elkarrekin hautatzen dutela, eta euskarazko albisteen jarraipenean oinarrituta egin dute aukeraketa.
Euskarazko lexikoaren jarraipena egiten du egunez egun Akademiaren erakunde atxikia den UZEIk. Horretarako, nagusiki, komunikabideak arakatzen ditu, lexikoa eguneratua izatea ezinbestekoa baitzaio hizkuntza naturalaren prozesamenduan oinarritutako tresnetarako. Bada, eguneroko jarraipen horretan oinarrituta hautatu da 2021eko hitza.
Euskaltzaindiaren arabera, euskararentzat, 'aldaera' ez da hitz berria. Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota dago lehendik ere, baina azken hilabeteotan ohiz kanpoko erabilera izan du pandemiaren harira. Izan ere, aurten ere covid-19a izan da albiste nagusienetako, besteak beste, birusaren aldaera berriek pandemiaren beraren bilakaeran duten garrantzia dela eta.
Dagoeneko, covid-19a eragiten duen SARS-CoV-2 birusaren aldaera ugari identifikatu dituzte zientzialariek mundu osoan zehar. Gaixotasun edo patogeno berrien izenetan erreferentzia geografikorik ez erabiltzea gomendatzen du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta, horregatik, covid-19aren birusaren kasuan ere, aldaerak ez dira izendatzen lehen aldiz identifikatu diren herrialdearen edo lekuaren arabera.
Hain zuzen ere, horrelako izenak teknikoak ez diren testuinguruetan erabiltzen dira, baina herrialde edo leku horietako pertsonak ez estigmatizatzeko alfabeto grekoko letrekin izendatzea erabaki du Osasunaren Mundu Erakundea.
ALDAERA IZENAK
Horrela, Erresuma Batuan agertutako aldaerari alfa aldaera deitzen zaio, iaz Hegoafrikan identifikatutakoari beta aldaera, Brasilgoari gamma aldaera, Indiakoari delta aldaera, Perukoari lambda aldaera, Kolonbiakoari mu aldaera, eta aurtengo azaroan Herbehereetan eta Hegoafrikan detektatutakoari, berriz, omikron aldaera.
Urte osoan zehar izan ditugu ahotan, beraz, SARS-CoV-2 birusaren aldaerak. Apirilean, Osasunaren Mundu Erakundeak eskatu zuen Erresuma Batuko aldaera edo aldaera britainiarra moduko izendapenak ez erabiltzea. Ekainean, berriz, delta aldaera hedatzen ari zela eta, txertatze prozesua azkartzeko beharra azpimarratu zuten osasun-agintariek. Irailean albiste izan zen Kolonbian detektatu berria zen mu aldaera. Azaroan jakin genuenez, omikron aldaera Europan zegoen, Hegoafrikan lehendabiziko kasuak agertu aurretik.
Edonola ere, alfabeto grekoa gogoan duen edonor ohartuko den bezala, Osasunaren Mundu Erakundeak mu aldaeratik omikron aldaerara egin du jauzi, nu eta xi letrak erabili gabe. Esan dutenez, berariaz baztertu dituzte letra horiek, ingelesezko 'new' ('berri') hitzarekin nahas zitekeelako nu grekoa, eta, xi, berriz, Asian arrunta den abizena ere badelako.