Euskaltzaindiak eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak bost urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute

Elixabete Piñol Zuzenbidearen Euskal Akademiaren presidenteorde eta euskaltzain urgazlea eta Andres Urrutia euskaltzainburua
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 26 febrero 2026 13:32

BILBO 26 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak bost urterako lankidetza hitzarmena izenpetu dute ostegun honetan euskararen Akademiaren egoitzan, Bilbon, eta honela, bi erakundeok euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartu dute.

Gainera, hitzarmenak jasotzen dituen egitasmo guztietan Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarririko arauak eta proposaturiko gomendioak zabaltzeko konpromisoa hartu dute, eta, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Euskararen Erreferentzia Corpusa elikatzeko asmoz, Zuzenbidearen Euskal Akademiak argitaraturiko euskarazko testu multzoaz baliatzeko adostasuna erakutsi dute bi erakundeek.

Akordioa izenpetzeko ekitaldian Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Elixabete Piñol Zuzenbidearen Euskal Akademiaren presidenteorde eta euskaltzain urgazleak parte hartu dute.

Euskaltzainburuaren iritziz, hitzarmenak "berebiziko garrantzia" du: "Euskaltzaindiaren eta Zuzenbidearen Euskal Akademiaren arteko harremanak aspaldikoak izanik ere, bien arteko hitzarmen honek berretsi eta sendotu egiten du lotura hori, bi bion ekimenak euskara zuzenbidearen alorrean txertatzeko eta erabiltzeko baliatuko ditugula".

Azaldu duenez, aurrerantzean "joko-zelai berria" izango dute, eta horrela, alde batetik, bi erakundeon arteko kolaborazioa gauzatzeko hainbat ekitaldi, biltzar, argitalpen, jardunaldi edo baliabide informatiko, "beti ere, euskara eta zuzenbidea helburu hartuta", eta, bestetik, bi erakundeen arteko testu trukaketak egiteko, "horrela zuzenbidearen esparruan Zuzenbidearen Euskal Akademiak euskaraz ekoizten duena Euskaltzaindiak bere eskura izan dezan euskararen estandarizazio prozesuan".

Azkenik, Urrutiak iragarri duenez, aurten Bizkaiko Foru Berriaren 500. urteurrena dela eta (1526-2026), "foru horrek euskarari ekarri dion berme juridikoa eta linguistikoa ikusarazteko eta gizarteratzeko ahalegina egingo da, jardunaldien eta sare sozialen bidez".

Elixabete Piñolek ere akordioaren garrantzia nabarmendu du, esanez euskara erabiltzeko beldurra kendu behar dugula, baita Zuzenbidearen arloan ere. "Testuak badaude, euskarazko dokumentuak badaude, eta erabili egin behar ditugu, oraindik ere badagoelako erresistentzia edo beldur bat, eta beldur hori gainditu behar dugu", adierazi du.

Ildo horretan, zehaztu duenez, "gure aldetik, erakutsi behar dugu mundu juridiko-administratiboan euskara erabiltzeko aukerak badaudela, testamentu edo demanda bat egin daitekeela euskaraz. Beraz, militanteak izan behar gara eta arlo honetan ere gure hizkuntza erabiltzeko ahalegina egin behar dugu".

EGITASMOAK

Euiskaltzaindiak eta Zuzenbidean Euskal Akademiak 2026an elkarlanean landuko dituzten egitasmo nagusiei dagokienez, iurislinguistikaren arloan (euskara juridikoaren garapena), euskararen ofizialtasunak izan duen garapenari eta eraginari buruzko testu bilduma eta oinarrizko bibliografia osatzeko urratsak egingo dituzte.

Oinarrizko bibliografia osatzearen helburua da, besteak beste, ofizialtasunak ekarri duena dokumentatzea, bai indarrean dagoenaren gaineko interpretazio egokia emateko, bai irismenari eta eraginari buruzko azalpen testuak paratzeko.

Halaber, euskararen ofizialtasunaren garapenari buruzko ikerketak sustatuko dituzte Euskaltzaindiak eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak, eta horretarako, beka-deialdi bateratua egingo dute bi erakundeok.

Hizkuntza zuzenbidearen arloan, Zuzenbidearen Euskal Akademiak eta Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeak lankidetzan jardungo dute gaiari buruzko jarraipena egiteko eta ikertzeko, eta Hizkuntza Zuzenbidearen Behatokia eratuko dute, ondoko helburua betetzeko: urtean behin, Frantziako edo Espainiako estatuetan euskararen ofizialtasunak izan dituen aldaketei zein euskal lurraldeetan euskararen ofizialtasunak izan dituen eguneratzeei zein moldaketei buruzko azalpen txostena paratzea eta gizarteratzea.

Azkenik, Urrutiak iragarri bezala, Bizkaiko Foru Berriak 500 urte dituela eta (1526-2026), bi erakundeek lankidetza berezia egingo dute, beste erakunde batzuekin batera, 'Bizkaiko Forua eta euskara, bostehun urte geroago' jardunaldia antolatzeko. Jardunaldi horretan ere 'Legea mintzo' erakusketa jarriko da jendaurrean.

Contador

Contenido patrocinado