Euskara ikasi nahi duten guraso eta etorkinentzako ikastaroak izango dira aurten ere Bermeon

Gurasoentzako eta etorkinentzako euskara ikastaroak Bermeon.
BERMEOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Publicado: miércoles, 21 septiembre 2022 17:43

BILBO 21 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bermeoko Udalak (Bizkaia) eta AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiek urtero elkarlanean antolatzen dituzten guraso eta etorkinei
zuzendutako euskara ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago jada, irailaren 30era arte. Gainera, 2022-2023ko ikasturteko matrikulazio kanpaina ere abian da dagoeneko, herritar orori zuzenduta.

Hala jakinarazi dute asteazken honetan Bermeoko Udaleko Euskara zinegotzi Kepa Zumetak eta Euskara Saileko teknikari Maite Zaratek, AEK euskaltegiko irakasle Marimar Hernandezek, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko irakasle Marije Layunok eta Hizkuntza Eskolako irakasle Ibon Iturbek.

Bada, azaldu dutenez, familia bidezko transmisioa bermatzea eta euskara ikasteko erraztasunak ematea da gurasoei bideratutako ikastaroaren helburua. Xedeok lortzeko, AEK euskaltegiak eta Bermeoko Udalak urteak daramatzate elkarlanean "oso emaitza onak lortuz". Ikastaroak 120 orduko iraupena eta 20 euroko prezioa ditu.

Beste euskara ikastaroa etorkinei zuzendutakoa da. Bermeoko Udalaren eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiaren arteko elkarlanaren emaitza da, eta bere helburu nagusia etorkinei euskara ikasteko aukera ematea da, integrazio errazago bat izan dezaten. 120 orduko iraupena izango du, baina merkeagoa izango da, hamar euroko prezioa izango du, ikas-materiala kontuan hartu gabe. Ikastaro honetan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen da, HABEk garatutako Aisa metodologiaren bitartez.

Bi ikastaroek emaitza oso onak izan dituzte aurreko urteetan, hori baita ikasleek adierazten dutena. Hori dela eta, gogorarazi dute oraindik ere izena eman daitekeela ikastaroetan, irailaren 30era arte, eta ikastaroak urrian hasiko direla.

Matrikula Berhaz bulegoan egin behar da, astelehen, asteazken eta ostitaletan 08:00etatik 15:00etara, eta astearte eta ostegunetan 08:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado