BILBO 30 Oct. (EUROPA PRESS) -
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Euskaltzaindiak asteazken honetan egin dute deia euskaraz egindako ikerketa bultzatzeko asmoz sortu ziren euskarazko doktorego tesien Koldo Mitxelena sarietarako. Bi erakundeek bi urtean behin antolatzen duten sarien zortzigarren deialdia da aurtengoa, eta sari bana esleituko da Artea eta Giza Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, Osasun Zientziak, Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura jakintza arloetan.
Horrela, erakunde sustatzaileek jakinarazi dutenez, EHUn 2020ko irailaren 1etik 2022ko uztailaren 31ra bitarte euskaraz idatzi eta defendaturiko doktorego tesiak aurkeztu ahal izango dira deialdira. Europar Tesi edo Nazioarteko Tesi gisa aurkezturiko tesiak ere onartuko dira, erabilitako hizkuntzetako bat euskara izan bada. Tesia defendatu duen doktoreak berak aurkeztu behar du hautagaitza, eskabide orria eta tesiaren kopia bat aurkeztuz. Eskariak aurkezteko epea ostegunean hasi eta azaroaren 11n amaituko da.
Eskaria egiteko, inprimaki berezi bat erabili behar da, eta EHUko Erregistro Orokorreko bulego batean aurkeztua (http://www.ehu.es/oficinas_registro.html), honako dokumentazio honekin: eskabide orria beteta; tesiaren kopia digitala pdf formatuan pendrive batean (euskarria itzuli egingo da); nortasun agiriaren fotokopia; curriculum vitae osoaren kopia digitala.
EHUn urtero aurkezten diren doktorego tesiak 400etik gora dira, eta horien artean 40tik gora dira euskaraz idatzitakoak. Euskarazko tesien ekarpena bikoitza da: alde batetik, beste hizkuntzetan eginiko gainerako tesiek bezala, jakintzaren sakontzea eta zabaltzea ahalbidetzen dute, eta, bestetik, euskararen normalizazioaren prozesuan ezinbesteko laguntzak eskaintzen dituzte.
Euskaltzaindiaren eta EHUren arabera, Koldo Mitxelena euskaltzain osoak "inork baino hobeto landu eta garatu zuen ekarpen bikoitz hori". Horrela, irakasle eta euskaltzain bikainaren omenez, euskarazko tesien sari honek Koldo Mitxelenaren izena darama.
Koldo Mitxelena Errenterian (Gipuzkoa) jaio zen, 1915eko abuztuaren 20an, eta euskaltzale eta ikertzaile porrokatua izan zen, euskararen bateratze prozesuaren ardatz, buru eta arima. Gizon jakintsua izateaz gain, ekintzaile aparta izan zen Mitxelena.