cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">
BILBO, 2 (EUROPA PRESS)
Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak bere webgunearen bertsio arin bat eta aplikazio bat (Eustat App) jarri ditu abian, aparatu mugikorren bidez, hau da, telefonoz edo tabletaz, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) estatistika informazio eguneratua jaso ahal izateko. Bertsioak euskaraz, gazteleraz eta ingelesez daude, eta edukiak partekatu daitezke gizarte sare ezagunenetan.
Eustatek jakinarazi duenez, web arinera edozein aparatu mugikorretatik sartu ahal izango da webgunetik (www.eustat.es), eta Eustat App aplikazioa dohainik jaitsi ahal izango da Android Play Store-tik: https://play.google.com/store/apps/details?id=es.eustat.Eustat. Laster aplikazioa eskuragarri egongo da Apple App Store-n eta Windows Phone-n.
Eskaintza berri hauen bitartez, Eustaten webguneko datu nagusien zati handi bat eskura jarri nahi zaizkie formatu digital berrien erabiltzaileei, modu erakargarri eta erosoan, "Eustaten teknologia berriekiko konpromisoaren berme".
Web arinera jotzen duenak, aurrena, azken estatistika albisteak dakartzan atal bat ikusiko du, prentsa ohar, taula eta txostenekin. EAEko koiunturako adierazle nagusiak -BPG, jarduera tasak, langabezia- ere agertuko dira.
IZAERA PRAKTIKOA
Izaera praktikoa duenez gero, Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) aldakuntza kalkulatu, erkidegoan zein estatuan, eta datu hori oinarri hartuta errenta bat eguneratu ahal izango dira, besteak beste. Horregatik, Eustatek "informazio eskari handia" espero du.
Halaber, web arinean udalerri bateko biztanleria, koiuntura atala eta zenbait egiturazko adierazle kontsulta daitezke. Aukera gehiago edukitzeko, estatistika informazioa gaika bila daiteke: biztanleria, ekonomia, gizartea, lurralde eta ingurumena, eta informazioaren gizartea.
Aplikazioa (Eustat App) web arinaren osagarri da, eta haren bidez, EAEko estatistika informazio eguneratura aparatu mugikorretatik hel daiteke. Halere, badu berezko ezaugarririk ere, hala nola datuotara internetera konektatu gabe heltzeko aukera.
Erabiltzailearen intereseko informazioa markatu eta estatistika gogokoen aukeratik bertara heltzea da aplikazioaren beste alderdi garrantzitsu bat, bai eta agendan hitzordu bat gehitu ahal izatea ere, datuen eguneratzeen berri izateko. Azkenik, beste aukera batzuen artean, hamar oinarrizko datu eta 14 koiunturako adierazle giltzarriren informazio eguneratua dakar.