Hondartzetako larrialdien simulakroa egin dute Mendexako Karraspion

Karraspion egindako simulakroaren irudia
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 2 julio 2025 13:20

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala Sustatzeko Sailak "arrakasta osoz" egin dute asteazkenh honetan Mendexako Karraspion hondartzetako larrialdien urteko simulakroa.

Ariketarekin sustatzaileek jakinarazi dutenez, kostaldeko larrialdiei aurre egitean inplikatutako zerbitzuen arteko koordinazio mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izan dute, foru erakundeak lurraldeko hondartzetan ezartzen duen kudeaketa sistema integratua betez.

Oraingoan, bi pertsona itsasotik erreskatatzean eta hondartzan atzemandako isuri kutsatzaile batean oinarritu da ariketa. Jarduera 11:00etan hasi da, hondartzako sorosleen zerbitzuak SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zerbitzuari abisua eman dionean, gutxienez bi pertsona zeramatzan ontzi txiki bat hondoratzen ari zela ikusi ondoren.

Itsasertzeko salbamenduko protokoloa aktibatu ostean, Larrialdiei Aurre Egiteko Sistemako hainbat baliabide berehala bertaratu dira eremura, Ertzaintzaren uretako ataleko ontzi batek eta arriskuan zeuden pertsonak airetik ikusteko erreskate eremura hegaldia egin duen drone batek lagunduta.

Handik minutu batzuetara, Ertzaintzak eta Lekeitioko Udaltzaingoak jakinarazi dute orban kutsatzaileak agertu direla hondartzan, eta, horren ondorioz, koordinatuta esku hartu dute Bizkaiko Aldundiaren hondartzak garbitzeko zerbitzuek, Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren Zerbitzuak.

Aginte postu aurreratua hondartzako sorospen postuaren ondoan kokatu da, eta mobilizatu diren zerbitzu guztietako arduradunek parte hartu dute bertan. Ertzaintzaren zaintza ontziak tripulatzaileetako bat erreskatatu du, errekonozimenduko droneak lagunduta, eta inguruko zelai batera eraman du arreta medikoa jasotzeko.

Beste pertsona Bizkaiko Foru Aldundiarentzat sorospen zerbitzua ematen duen Gurutze Gorriko kideek erreskatatu dute, eta ur ertzera eraman eta suspertze maniobrak egin dizkiote.

Aldi berean, sorosleek eta hondartzainek isuriak eragindako eremua mugatu dute, eta SOS Deiak zerbitzuari isuriaren ezaugarrien berri eman eta hura kontrolatzeko eta garbitzeko prozedura aktibatu dute. Osasun Publikoko Zerbitzuko teknikariek, bestalde, bainuan eta hondartzako erabileretan izan zezakeen eragina baloratu dute, eta foru erakundeko garbiketa taldeek isuri kutsatzailea geldiarazteko eta garbitzeko jardun dute.

Inguruan segurtasun eta normaltasun baldintzak berrezarri ondoren, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak amaitutzat eman du simulakroa.

Contenido patrocinado