BILBO, 3 (EUROPA PRESS)
Ikastolek 7. Batzarra egingo dute ekainaren 22an, Iruñean, eta milaka guraso, irakasle, langile, ikasle eta herritar "biharko hezkuntzari, biharko ikastolei eta biharko Euskal Herriari egin nahi diegun ekarpenaz hausnartzen eta erabakitzen" ari dira, "biharko ikastolak irudikatu eta eraikitzen, biharko Euskal Herria eraikitzeko".
Ikastolen Elkartetik jakinarazi dutenez, hiru dokumentu landu dira 7. Batzarrari begira: Ikastolen Seigarren Batzarretik hona egindako ibilbidea jasotzen duena, ikastolei eta hezkuntza sektoreari eragiten dieten hainbat parametroren egungo egoeraren diagnosia jasotzen duena, eta zortzi-hamar urte barru ikastolak non eta nola ikusi nahi dituzten eta toki horretara iristeko landu beharreko ildoak zeintzuk diren jasotzen dituena.
Ildo horietan bildu dituzte gizarteak egiten dituen eskaerei eta egun dauden erronka nagusiei erantzuteko proposamenak, hau da, erronka demografikoari (jaiotzaren jaitsiera eta kanpotik gero eta jende gehiagoren etorrera), erronka sozioekonomikoei edota euskararen biziberritzeari erantzuteko.
Erronka horiei guztiei "Ikastola eredutik" erantzun nahi diete, eta, horregatik, lehenik eta behin, "gure ereduaren oinarriak sendotuko ditugu, baita gaurkotu ere". Erakundetzea eta saretzea ere indartuko dituzte, eta horrela, hezkuntza proiektuak pertsonak izango ditu erdigunean eta Hezkuntza Marko Orokorrean definitu diren pertsona eredua izango ditu ipar, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa ardatz izango duen estrategia ideologiko-pedagogikoarekin.
"Oso pozik gaude ikastoletatik jaso dugun erantzunarekin. Otsailaren 26an eskualdeka hasi genituen bileretan ikusi genuen interes handia erakutsi zutela ikastolek gure zazpigarren batzarrari begira. Bilera horietan ere luze hitz egin genuen etorkizunaz eta planteatzen ditugun proposamenez. Aberasgarria izan zen ikastolen pultsua hartzea, eta orduan ere gogoeta interesgarri eta mamitsuak bildu genituen", adierazi du Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi Agurne Barrusok.
Bere hitzetan, nabaritu dute ikastola bakoitzean ere gogoeta sakonak egin dituztela planteatu diren hiru txostenen gainean. "Adierazgarria izan da zenbat ekarpen eta emendakin egin dizkieten dokumentu horiei", gaineratu du.
Ildo horretan, emendakinak aztertu eta zeintzuk onartzen diren eta zeintzuk bozkara bideratzen diren ebazteko, Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluaren lana handitu egin du jasotako kopuruak, baina epeen barruan sartu dira.
"Emendakin batzuk bere horretan onartu ditugu, beste batzuk partzialki. Ikastola zenbaitek gai beraren inguruan antzeko emendakinak sartu dituztenez, guztiekin sintesi bat ere egin dugu. Egia esan behar badugu, hasierako proposamena aberastu eta zehaztu egin dute emendakinok. Testuan onartu ez ditugun emendakinak ikastolei itzuli dizkiegu, zergatik onartu ez ditugun adieraziz, eta haien esku geratuko da emendakin horiei eutsi eta batzarrera bozkatzera eramatea, edo erretiratzea", azaldu du Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak.
EKARPEN UGARI
Ekarpenei dagokienean ere "ugari eta askotarikoak" egin dituzte ikastolek. Barrusoren hitzetan, "gehien gehienak oso baliagarriak iruditu zaizkigu. Gogoeta sakonak dira asko, Batzarrerako dokumentuetara eraman ezin direnak, dokumentuok orokorragoak direlako eta ekarpenak zehatzagoak. Baina aintzat hartuko ditugu, hartuko ditugunez, Zazpigarren Batzarretik aurrera egingo ditugun plan estrategikoetan".
Ikastoletan eman diren eztabaida saioetan nabari agertu dira kezka sakonak eragiten dituzten gaiak. Alde batetik, hizkuntza normalizazioari dagozkionak izan dira: euskararen egoeran eman diren atzerapausoak, euskara ofiziala ez den eremuetako egoera, turistifikazioaren eragina.
Pedagogia alorrekoak ere izan dira, hala nola digitalizazioa eta burujabetza teknologikoa eta berrikuntza pedagogikoa, eta demografiaren bilakaeraren eta egoera sozioekonomikoaren ondorioak ere badira kezka iturri.
Azkenik, Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak mugimendua osatzen duten 114 ikastolak zoriondu ditu egin duten lanarengatik. "Erronka handiak ditugu etorkizunari erantzuteko. Baina prozesu honek erakutsi digu ikastolak sendo eta indartsu gaudela. Eztabaida eta gogoeta sakon eta emankorra izaten ari dira", adierazi du.