Ikergazte biltzarrean izena emateko epea maiatzaren 17an amaituko da

Ikergazte
UEU
Actualizado: miércoles, 20 marzo 2019 12:16

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Iker zentroak Ikergazte biltzarra antolatuko dute maiatzaren 27, 28 eta 29an, Baionan, eta matrikulatzeko epea zabaldu dute maiatzaren 17ra arte. 111 artikulu zientifiko aurkeztu dira eta antolatzaileek ekitaldi "arrakastatsua" izango dela aurreikusi dute. Hiru egunetan zehar nazioarteko ikertzaileak bilduko dira eta hitzaldiak, lantegiak, aurkezpenak eta ekintza ludikoak egingo dira.

Biltzarra aurkezteko prentsaurrekoa eman dute asteazken honetan, Baionan Bertan, Kepa Sarasola UEUko zuzendariak, Urtzi Etxeberria Iker zentroko zuzendariak, Miren Josu Omaetxebarria biltzarreko zuzendariak, Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak eta Haritza Camblong ESTIA Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak.

Egitarauari dagokionez, biltzarra hiru egunekoa izanik, antolatzaileek barnetegi formatua eman diote, "elkar ezagutza errazteko asmoz". Helburua da parte hartzaileek hiru egunak Baionan pasa ditzaten, eta, horretarako, alor akademikotik haratago ere ekintzak prestatu dituzte.

Programan lau saio mota egongo dira: hitzaldi orokorrak, ahozko komunikazioak eta posterrak, lantegiak eta saio osagarriak. "Aurkezpenak edo posterrak aurkeztu ez dituzten ikertzaileentzat ere oso interesgarria izango da Ikergaztera etortzea; alde batetik, uneko ikerketaren katalogoa ezagutuko dutelako, bestetik, lantegien bitartez beren formakuntza osatuko dutelako, eta, azkenik, beste ikertzaileak ezagutzeak beren ibilbide profesionalerako aukerak zabal ditzakeelako, azaldu du Omaetxebarriak.

Horrela, hitzaldi orokorrak parte hartzaile guztien interesekoak izango dira, eta ikerketari orokorrean, edo euskarazko ikerketari eta baliabide orokorrei lotutakoak izango dira.

Ahozko aurkezpenak eta posterrak ikertzaileek aurkeztutako ekarpenak azaltzeko egingo dira, hala nola tesiak eta tesinak, bukatutako proiektuak eta ondorengo ikerkuntzan landuko diren proiektuak. Bost jakintza arloetan banatutako aurkezpenak izango dira, paraleloan programatuko direnak. Ahozko eta posterretako programa arlokako batzordeek erabakiko dute.

LANTEGIAK

Lantegiak jakintza arloen arteko harremanak lantzeko tresna izango dira, mahai inguru, ekintza praktiko zein hitzaldi motakoak. Gainera, biltzarrean zehar ekintza ludikoak ere egingo dira.

Jakintza alor bakoitzeko lanik onenari saria emango zaio biltzarraren azken egunean, Baionako Herriko Etxearen eskutik. Sari berezi bat egongo da, Udalbiltzak emango duena, Euskal Herriko garapenean eragin handiena izango duen ikerketarentzat.

Halaber, biltzarraren aurretik bi ekintza antolatzeko asmoa dutela ere adierazi dute antolatzaileek. Hain zuzen, Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean, "Jainkoak ez dit barkatzen" Josu Martinezen dokumentala proiektatuko da apirilaren 2an, Euskal Museoan, eta hezkuntza eta ikerketari buruzko maha ingurua egingo da Ipar Euskal Herriko eragile desberdinekin maiatzaren 9an, Euskal Museoan (18:00etan).