BILBO 20 Sep. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Udalak Eztabaidak Literaturarekin saioak abiaraziko ditu berriz astearte honetan, irailaren 20an, Jasone Osoro eta Gotzon Barandiaran idazleekin. Euskarazko literaturari eta askatasunari buruz hitz egingo dute, termino horren esanahi zabalenean. "Euskal literatura eta askatasuna" topaketa Goizalde Landabaso kazetariak moderatuko du.
Antolakuntzak jakinarazi duenez, topaketa euskaraz izango da osorik eta 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte, eta ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren.
Jasone Osoro (Elgoibar, 1971) Informazio Zientzietan lizentziatua da. Kazetari gisa lan egin du eta telebistako aurkezle, laguntzaile eta gidoilari izan da. Hta hainbat urte daramatza prentsa idatziko zenbait hedabidetan kolaboratzen.
Bere lehenengo kontakizun liburua 1998an argitaratu zuen: "Tentazioak". Bere lanik ezagunena, bere lehenengo haurdunaldia kontatzen duen "Bi marra arrosa" (2009) da. 2014an umeei zuzendutako "Muma mamua" liburua argitaratu zuen, eta iaz, XVI. Agustin Zubikarai beka irabazi ostean, "12etan bermuta" eleberria argitaratu zuen.
Bestalde, Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, 1974) musikaria ere bada, idazle izateaz gain, eta azpimarragarria da euskarazko oinarrizko kultura bultzatzeko egin duen lana. 2010ean "Errotik" eleberria argitaratu zuen, nahiz eta argitaratu zituen lehenengo lanak poema liburuak izan ziren: "Arrakalak" (2004) eta "Katamalo" (2008).
Poemak musikatzen, abesti bilakatzen eta musikaren bitartez eta hipokrisiari, beldurrari, maitasunari, zoriontsu izateko ezintasunari, lotsari edo harropuzkeriari buruz berba egiten duten testuen bidez gogoeta bultzatzen aritzen den Bihotz Bakartien Klubaren" sortzaileetako bat da.
HAMARGARREN EDIZIOA
Eztabaidak Literaturarekin egitaraua 2007an martxan jarri zenetik, 270 egile inguruk parte hartu dute eta 9.500 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu.
Horrela, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte izan dira saioetan.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen euren eskutik.