GASTEIZ 26 Jul. (EUROPA PRESS) -
Irale programan irakasle liberatuak dituzten ikastetxe pribatuentzako 2022ko laguntzen deialdia argitaratzeko agindua onetsi du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, Jopkin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren proposamenez. Orotara 1.443.000 euro banatuko dira, euskara ikasteko liberatutako irakasleak ordezkatzearen ondoriozko gastuak diruz laguntzeko. Lanpostuaren jabeak eta ordezko irakasleak titulazio berdina izan beharko dute, edo bateragarria.
Jaurlaritzaren arabera, 2022an irakastordu barneko ikastaroetarako Hezkuntza Administrazioak liberazioak ematerakoan irakasle bat edo gehiago onartu zaizkien ikastetxe pribatuek parte hartu ahal izango dute deialdian.
Hezkuntza Sailak 1980ko hamarkadan ekin zion irakasleak euskaldundu edo alfabetatzeko lanari. Irakasleak hizkuntzetan gaitzeko Irale programak, beraz, hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea egin du dagoeneko. Guztira 80tik gora irakasle ari dira bertan, bost irakastegitan (bi Bilbon eta bana Donostian, Gasteizen eta Eibarren), eta kanpo euskaltegien laguntzarekin osatzen dute bere eskaintza.
Jaurlaritzaren arabera, urteek aurrera egin ahala, hezkuntza sisteman irakasleen hizkuntza gaitasunean izan den aldaketa tipologikoak behar berriak sortu ditu, hasierakoekin alderatuta erabat desberdinak. Horregatik, Iralek eusten dio oraindik ere irakasleak euskalduntzeko helburuari, baina haien hizkuntza gaitasuna sendotzeak hartzen du programaren zatirik handiena, sare publikoko zein itunpeko ikastetxeetako irakasleak izan.
Horrekin batera, irakasleak hizkuntzaren didaktikan eta metodologietan gaitzeaz eta hauei prestakuntza soziokulturala emateaz ere arduratzen da. Era berean, euskarazko ikasmaterialen hizkuntza kalitatea bermatzeko lanetan ere parte hartzen du, materialak edukiz, moldaera teknikoz eta hizkuntza trataeraz egokiak izan daitezen bermatzeko.