Jaurlaritzak 80.000 euro inbertitu ditu euskarazko lau film ertain zaharberritzeko

'Hamaseigarrenean, Aidanez', 'Ehun Metro', 'Zergatik Panpox' Eta 'Oraingoz Izen Gabe' Zaharberrituko Dituzte
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 9 junio 2025 12:58

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak 'Hamaseigarrenean, aidanez' (Anjel Lertxundi, 1985), 'Ehun metro' (Alfonso Ungria, 1985), 'Zergatik panpox' (Xabier Elorriaga, 1985) eta 'Oraingoz izen gabe' (Jose Julian Bakedano, 1986) film ertainen zaharberritzea finantzatu du 80.000 eurorekin, Euskadiko Filmategiaren eta EITBren bitartez.

Lanak Boloniako (Italia) L'Immagine Ritrovata laborategietan egiten ari dira, eta Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean emango dira irailean. 'Hamaseigarrenean, aidanez', 'Ehun metro' eta 'Zergatik panpox' euskarazko zinema sustatzeko 1985ean Eusko Jaurlaritzak osorik finantzatutako lehenengo proiektuak izan ziren.

Donostiako Tabakaleran aurkeztu da proiektua astelehen honetan, eta han izan dira Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskarako zuzendaria, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria eta Anjel Lertxundi, Alfonso Ungria, Xabier Elorriaga eta Jose Julian Bakedano filmen zuzendariak.

Ramon Saizarbitoriaren, Arantxa Urretabizkaiaren eta Anjel Lertxundiren izenburu bereko eleberrietan oinarrituta daude 'Ehun metro', 'Zergatik panpox' eta 'Hamaseigarrenean, aidanez' filmak, hurrenez hurren, eta Irati Filmak etxeak ekoitzi zituen, 100 milioi pezetako aurrekontuarekin; diru guztiao Jaurlaritzako Kultura Sailak eman zuen.

Bakedanok zuzendu eta ekoitzitako 'Oraingoz izen gabe' film ertainari dagokionez, Bernardo Atxagak idatzi zuen gidoia, Jorge Luis Borgesen ipuin batean inspiratuta, eta 1987ko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu zen.

Espainiako Filmategian eta Euskadiko Filmategian gordeta dauden 35 mm-ko jatorrizko negatiboak erabiliko dira lau lanak zaharberritzeko. Lehenik, material fotokimikoa garbituko da, eta mekanikoki prestatu, digitalizatzeko.

Bigarren fasean, denboraren joanak eragindako inperfekzioak desagerraraziko dira, betiere jatorrizko fitxategiaren benetakotasunari eusteko asmoz. Gero, kolorea eta soinua zuzenduko dira, eta lanak abuztuan amaituko dira, Euskadiko Filmategiko teknikariek gainbegiratuta eta Eusko Jaurlaritzaren babespean.

ELKARLANA ETA APUSTU SENDOA

Aurkezpenean egindako agerraldian, Ibone Bengoetxeak "erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia eta euskal kultur ondarearen eta zinemaren aldeko apustu sendoak" nabarmendu ditu.

"Euskarak, eta euskal kulturak, guztion bultzada behar du, apustu sendoak behar ditu. Euskara, eta euskal zinema, gure identitate kolektiboaren parte eta isla direlako. Gaur bezalako proiektuek gure iraganari etorkizuna ematen diote, euskal kultur zinematografiaren ondareari etorkizuna ematen diote", adierazi du.

Ildo beretik, Joxean Fernandezek esan du proiektua "erakunde arteko elkarlan estuan" gauzatuko dela eta "etorkizunerako bidea" markatzen duela.

Orobat, Vanesa Fernandezek adierazi duenez, lankidetzak "gure nortasun kulturalaren zutabe den heinean, euskal ondare zinematografikoaren hedapenarekin eta euskararen transmisioarekin dugun konpromisoa berresten du".

ZUZENDARIAK

Filmen zuzendariak oso pozik azaldu dira agerraldian, eta uztaileko lehenengo astean bidaiatuko dira Boloniara zaharberritze lanak gainbegiratzeko.

Alfonso Ungriaren aburuz, "filmak berreskuratzea da filmategiek egiten dituzten lanetan esanguratsuena; jendeak edozein film aurkitu dezake filmategietan".

Bestalde, Anjel Lertxundik gogora ekarri du garai hartan "urrats handiak" egin zirela literaturan, musikan eta antzerkian. "Une jakin batean, zinema euskararen begietara ekartzea ere lortu genuen", gaineratu du.

Orobat, Xabier Elorriagak azpimarratu du "gidoilari edo zuzendari gisa ia prestakuntzarik gabe" abiatu zuen "proiektu batera itzultzea" esan nahi duela berarentzat 'Zergatik panpox' zaharberritzeak.

Azkenik, Jose Julian Bakedanok azaldu duenez, 'Oraingoz izen gabe' sortu zuen "talde euskaldun hark ahalegin handia egin behar izan zuen euskarazko fikzioa filmatzeko, zuzeneko soinuarekin eta teknikari talde britainiar batekin, eta emaitza arrakasta hutsa izan zen".

Contenido patrocinado