BILBO 29 May. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du ostiral honetan, maiatzaren 30ean, Arenaleko kioskoan, eta luxuzko artista gonbidatua izango du lagun: Juan Jose Ocon Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) zuzendari artistikoa.
BilbaoMusika erakundeko iturriek jakinarazi dutenez, arratsaldeko 19:30ean hasita, banda bilbotarrak programa "erabat zabala" eskainiko du Oconen zuzendaritzapean. Kontzertuak era askotako estiloak tartekatuko ditu, hala nola Reveriano Soutullok Galiziako bere sorterriaren izenaz bataiatu zuen "Puenteareas" kontzertuko pasodoblea, Carl-Maria von Weberren "Oberon" operako obertura edo Geronimo Gimenezen "La boda de Luis Alonso" zarzuelako interludioa.
Halaber, Jose Francoren "Euskal Erria" bandarako obertura edo Aram Khachaturianen "Trois dances" delakoa ere entzuteko aukera egongo da. Gainera, errepertorioak arreta berezia egingo dio Henry Manciniri, Bilboko Musika Bandak eskainiko dituen zazpi piezetako bi konpositore horrenak baitira: "The pink panther" ezaguna eta, amaitzeko, "The best of Mancini" pieza onenen aukeraketa.
Juanjo Ocon donostiarra EGOko arduraduna da 2000. urtetik. Banda bilbotarreko egungo bost kide bertan egin zuten prestakuntza. Donostiako Goi Kontserbatorioan egin zituen Oconek bere ikasketak eta Orkestra Konposizioan eta Zuzendaritzan kalifikazio onenak lortu zituen. Txekiar Errepublikan osatu zuen prestakuntza, Orkestra Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketa irabaziz, Moldaviako Orkestrako ohorezko dominarekin batera.
Hainbat orkestratan aritu da gonbidatu gisa, adibidez, Letoniako Nazionalean, Kanaria Handiko Filarmonikan edo Euskadiko eta Bilboko sinfonikoetan. Koru musikaren zale handia da (beste talde batzuen artean, Donostiako Orfeoiarekin kolaboratu du) eta Musika Hamabostaldia zenbaitetan zuzendu du. Gainera, Donostiako Udal Musika Eskolako irakaslea da.