Labayru Fundazioak udako ikastaroa antolatuko du aurten ere, aurrez aurre edo sarean

Labayruren udako ikastaroa
LABAYRU FUNDAZIOA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 24 abril 2020 17:29

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Labayru Fundazioak bere 51. Udako Euskal Ikastaroa antolatuko du aurten ere. Covid-19 gaitzak eragindako osasun egoerearen ondorioz, Labayruk oraindik ez daki eskolak aurrez aurre edo sarean eskainiko dituen, "baina ikastaroa, edozein kasutan, egin egingo da", ostiral honetan prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Horrela, ikastaroak ekainaren 15etik 27ra eta ekainaren 29tik uztailaren 11ra izango dira, datak apur bat aldatu daitezkeen arren. Bizkaierazko alfabetatze eskolak, itzulpen ikastaroak, titulu ofizialak ateratzekoak (batuaz zein bizkaieraz) eta euskara hobetzekoak eskainiko dira.

Ikastaroak aurrez aurre egiten badira, Labayru Fundazioaren Boluetako zein Bilboko euskaltegietan izango dira. Izena emateko mezu bat idatzi behar da labayru@labayru.eus helbide elektronikora.

Bestalde, Labayruk jakinarazi du 'Itzulpengintza ikastaroa (1. maila)' jarriko duela martxan apirilaren 27an, sarean. Gaztelaniatik euskarara itzultzeko oinarri batzuk eskainiko dituzte ikastaroan, idazketa zuzentasuna lantzeko asmoz, horixe baita itzulpengintzaren oinarria. Gaztelaniazko testua xede hizkuntzan zuzen eta egoki idazten jakitea da helburua.

Prozesu horretan, ikastaroak hainbat alor landuko ditu, besteak beste, sareko baliabide informatikoak, idazkera arauak, hitz elkarketa, letra larriak eta xeheak, joskerako baliabideak edo atzerakarga. Metodologiaren aldetik, teoria, ariketak eta itzulpenak tartekatuko dira.

Ikastaroak 35 orduko iraupena izango du, eta Moodle plataformaren bidez emango da, apirilaren 27tik ekainaren 21era. Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago, eta itzul@labayru.eus helbide elektronikora idatzi eta matrikula egiteko argibideak eskatu behar dira.

Contenido patrocinado