Metro Bilbaok zerbitzu bereziak eskainiko ditu astelehenean San Tomas azokarako

Metroko erabiltzaileak
Europa Press
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 18 diciembre 2015 14:21

BILBO 18 Dic. (EUROPA PRESS) -

Metro Bilbaok zerbitzua indartu eta 2,5 minutuko maiztasunak eskainiko ditu datorren astelehenean, abenduaren 21ean, ibilbide komunean (Etxebarri eta San Inazio geltokien bitartean), 07:30etik 22:00etara bitartean, bi noranzkoetan, San Tomas eguneko ohiko azoka dela eta. Sarearen gainontzeko guneetan ere ugaritu egingo dira maiztasunak, aipatutako ordu tarte berean.

Konpainiak joan-etorriko txartela erosteko gomendatu die metroz bidaiatzeko asmoa dutenei, bai eta Abandoko geltokia erabiltzeko ere, azoka gunetik hurbil baitago.

Bestalde, abenduan zehar eskaintzen ari diren zerbitzu bereziek emaitza positiboak ekarri dituzte. Hala, joan den asteazkenean, abenduaren 16an, 323.310 bidaia izan ziren eta, horrekin batera, hil bakarrean 2015eko bigarren marka berri bat egitea lortu zen. Era berean, gogorarazi du abenduaren 10ean 322.463 balioztapen erregistratu zirela, ordura arteko aurtengo markarik onena.

Gainera, abenduaren 11an, zerbitzua gau osoan izan zen martxan eta 310.415 pertsonak aukeratu zuten metroa Gabon garaiko ohiko ospakizunetara hurbiltzeko. Azkenik, joan den igandean, abenduaren 13an, BECen egindako Osakidetzaren oposizioaren harira, zerbitzua indartu egin zen eta 161.778 balioztapen izan ziren.

Halaber, konpainiak arduradunek jakinarazi dutenez, STIGA institutuaren ISSCE indizearen sailkapenean, Metro Bilbao izan da Estatu mailan bezeroek ondoen baloratu duten garraio publiko arloko enpresa. "Enpresen ondasun preziatuena bezeroak dira eta, zentzu horretan, beste behin gu aukeratu gaituzte, STIGA/ISCX indizearen arabera, bezeroen asebetetzeari dagokionez urteko enpresarik onena izendatuta", adierazi dute.

Jasotako informazioaren arabera, urtea bukatzear dagoenean, oraindik 2015eko enpresa liderrak zeintzuk diren zehazteke daudela, Metro Bilbao da sailkapenean posiziorik ona duena. Beste guztien gainetik sailkatuta dago, hala irudi aldetik (100 puntutik 89,52) nola fideltasunari dagokionez (85,40 puntu), batez besteko puntuazio orokor onena jasota.

Contenido patrocinado