"Pakea Bizkaia" belaontziak Bizkaiko kosta zeharkatuko du bihartik bere hezkuntza-proiektua zabaltzeko

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 1 abril 2011 12:07

BILBO 1 Abr. (EUROPA PRESS) -

"Pakea Bizkaia" belaontziak Bizkaiko kosta zeharkatuko du apirileko lehenengo bi asteetan zehar hainbat herritan bere hezkuntza-proiektua zabaltzeko helburuarekin. Ibilbide labur honetako geldialdi den portu bakoitzean, "Pakea Bizkaia" proiektu berriak ingurumenarekiko eta itsasoarekiko duen begirune eta maitasuna helarazi nahi du, bai eta gure itsasoan dagoen bioaniztasuna zaintzeko beharra.

Ibilbidea Getxon hasiko da bihar eta lehenengo geldialdia Santurtzin egingo du belaontziak. Goizean, Eskuzabal, Izar Berria, Abenturazaleak eta Tximista taldeen bisitak jasoko ditu. Halaber, dokumental bat ikusiko dute eta hitzaldi bat jasoko dute Santurtziko Dorre Etxean. Arratsaldean ate irekien jardunaldi bat egingo da nahi duen jende guztia belaontzia ezagutzeko. Ordutegia 16:00etatik 19:00ak arte izango da, eta hurrengo egunean 11:00tik 12:00ak arte.

Santurtzin egon ondoren, "Pakea Bizkaia" belaontziak Lekeitiorantz egingo du eta bertan egongo da apirilaren 6a arte. Egun horietan zehar, Lekeitioko eskola publikoa eta Resurrección Maria de Azkue ikastolaren bisitak jasoko ditu. Hitzaldia eta dokumentala Kultur etxean izango dira, eta ate irekien jardunaldiak apirilaren 4an eta 5ean izango dira, 17:00etatik 19:00ak arte.

Apirilaren 7tik 11ra bitartean, belaontzia Bermeoko portuan egongo da. Bertan, Karmeldar ikastetxeko, San Frantzisko eskola publikoko eta Eleizalde ikastolako ikasleen bisitak jasoko ditu, eta hitzaldiak eta bideo-emanaldiak Arrantzalearen Museoan egingo dira. Ate irekien ordutegia astean zehar 17:00etatik 19:00ak arte izango da, eta asteburuan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da.

Azkenik, Ondarroara helduko da belaontzia, eta bertan egongo da apirilaren 12, 13 eta 14an. Zaldupe, Txomin Agirre eta Zubi Zahar

ikastoletako ikasleak hurbilduko dira eta hilaren 12 eta 13ko arratsaldeetan belaontzia irekita egongo da bisitatu nahi duenarentzako. Ondarroan bukatu ostean, belaontzia Getxoko bere egoitzara bueltatuko da.

Portu guztietan, "Pakea Bizkaia" belaontziaren ondoan karpa bat jarriko da, Unai Basurkoren proiektu berria ezagutu nahi dutenek informazioa jasotzeko. Gainera, aurten egingo den Groenlandia eta Ternuarako espedizioa aurkezteko aprobetxatuko da. Espedizio berri honetan nabigatzaile ezaguna eta bere tripulatzaileek Euskal Herriko historiaren parte garrantzitsu bat berreskuratuko dute, baleontzi euskaldunek XVI. mendean baleak ehizatzeko egiten zuten itsas-bide

berdina jarraituz.

Contenido patrocinado