BILBO, 16 (EUROPA PRESS)
Pantailak Euskaraz ekimena harremanetan jarri da herri erakunde, alderdi politiko, 'streaming' plataforma eta banatzaile enpresekin, eta "eskari zehatzak" egin dizkie. Izan ere, ekimenak egin duen azterketa baten arabera, Euskal Herriko 'streaming' plataforma nagusietan (Netflix, Disney +, HBO eta Prime Video), 26.000 edukien artean, %0,02 besterik ez dago euskaraz.
Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako Foru Komunitateko erakunde eta alderdi politikoei eskatu die bere egin dezatela abenduaren 4an Durangon hainbat eragilerekin batera aurkeztutako 'Euskarazko Ikus-entzunezkoen aldeko Manifestua'.
Ildo horretan, eskerrak eman dizkie manifestuari atxikimendua eman dioten eragileei, Pantailak Euskaraz-en laguntzaile sarea osatzen duten 500 kideei eta abian dituen lau sinadura bilketa kanpaineei atxikimendua eman dieten norbanakoei.
Horrez gain, plataformen katalogoak aztertzen ari dira ekimeneko kideak, lehendik euskaratutako edukien bila, eta dozenaka aurkitu dituzte. Edukiok Zineuskadik eta EITBk diru publikoz euskarara bikoiztu eta azpidatzitakoak dira.
Pantailak Euskaraz-ek lehentasunezkotzat jotzen du eduki horien euskarazko bertsioak eta azpidatziak plataformetara iristea, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaburuari "arduraz jokatzeko eta lidergoa hartzeko" eskatu dio,
"plataformetako arduradunekin harremanetan jartzeko eta azpimarratzeko euskarazko bertsioak ere exijitu behar dizkietela banatzaileei".
Ildo horretan, Pantailak Euskaraz-i iruditzen zaio Zineuskadin bikoiztutako euskarazko bertsioak plataformetara iristea epe motzean egingarria dela, audiook banatzaileen eskuetan daudelako eta hainbat plataforma ari direlako aldiro-aldiro beste hizkuntza gutxituetako bertsioak euren eskaintzan sartzen.
EITBk diru publikoz bikoiztutako film eta serieei dagokienez, Pantailak Euskaraz-ek eskari zehatza egin die Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari eta ETBri: euskarazko bertsioak banatzaile eta plataformeei komertzializaziorako doan emateko edo lagatzeko.
PLATAFORMAK
'Streaming' plataformei dagokienez, Pantailak Euskaraz-ek Espainiako Estatuko errealitate linguistikoa errespeta dezatela eskatu die. Horretarako, euren katalogoan jada euskaratutako edukien bertsioak txertatzeaz gain, aurrerantzean, ekoizpen berriak ere euskarara bikoiztu eta azpidatzi ditzatela galdegin die.
Banatzaile batzuekin ere jarri da harremanetan Pantailak Euskaraz, eta horietako batzuk gaia konponbidean jartzeko prestutasuna erakutsi dute, eta adierazi dute, oraindik aurrera, DVD/Blu-Ray formatuetan egiten dituzten argitalpenetan txertatuko dituztela euskarazko bertsio eta azpidatziak, eta saiatuko direla euskarazko audio eta azpidatziok plataformetara helarazten.