BILBO 8 Sep. (EUROPA PRESS) -
Sanchez Marcos haur eskola berria inauguratu du ostiral honetan Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Eskola berria Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Juan M. Sanchez Marcos ikastetxe publikoaren ondoan dago, eta irekierarekin, 6. Barrutiko haur eskoletan 42 plaza publiko gehiago egongo dira 0 eta 2 urte bitarteko umeentzat.
Haur eskola berriaren 42 plazak lau gelatan banatuko dira. Bi gelatan 0 urteko umeentzako 16 plaza izango dira. Espazio horretan atsedenlekua eta aldalekua izango dira, baita elikagaiak prestatzeko gunea ere. Beste bi gelatan urte bateko 26 umerentzako lekua, atsedenlekua eta aldalekua daude.
Sanchez Marcos haur eskolak 403 metro koadro hartzen ditu eta, gelez gain, sukaldea, jantokia, erabilera anitzeko gela (jolas gunea), umeen aulkitxoak gordetzeko gela eta langileentzako aldagelak eta komunak ditu.
Sarrera Fernandez del Campo kalean egongo da, eta horrela, haur eskolak eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Juan M. Sanchez Marcos ikastetxe publikoak sarrera propioak izango dituzte, elkarren ondoan egon arren.
Haur eskola berriarekin, 2017/2018 ikasturterako Bilboko eskaintza 628 plazakoa izango da: 0-1 urtekoen geletan 202 plaza eta 1-2 urtekoen geletan 426 plaza. Hiriko zortzi barrutietan dauden beste 13 haur eskolekin bat egingo du zentro berriak. Haurreskolak Partzuergoak gestionatzen ditu eskola horiek. Gelak eta gainerako instalazioak eraikitzea, horien mantentze lanak egitea, zaintzea eta garbitzea Bilboko Udalari dagokio, baina gestioa Haurreskolak Partzuergoaren esku dago.