Turismoaren ereralitatea lurralde ikuspegitik aztertzeko jardunaldia antolatu du DeustoForum Gipuzkoa foroak

Europa Press País Vasco
Publicado: lunes, 19 junio 2017 11:38

DONOSTIA 19 Jun. (EUROPA PRESS) -

DeustoForum Gipuzkoa foroak eta Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Turismo arloak "Jokaleku berriak, erronka berriak? Turismo errealitate berria, lurralde ikuspegitik" izeneko mahai ingurua egingo dute ostegunean, ekainaren 22an, unibertsitatearen Donostiako campusean. Hitzaldi-solasaldia izango da, eta turismoaren errealitatea lurralde ikuspegitik aztertzea da helburua.

Parte hartzaileen artean egongo dira Denis Itxaso Gipuzkoako Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako foru diputatua (eztabaidaren moderatzailea), Kino Martinez Gipuzkoa Ostalaritzako idazkari nagusia, Paul Liceaga Adegiko hotelen sektore elkartearen zuzendaria, Asier Pereda Euskadiko apartamentu turistikoen elkarteko presidentea eta Maite Valmaseda Gipuzkoako Merkatarien Federazioko zuzendaria. Topaketa 09:30ean hasiko da.

DeustoForum Gipuzkoaren helburua da DeustoForum foroaren eztabaidak eta gogoetak Gipuzkoara ekartzera. Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusak sustatu du ekimena, lurraldeko Tokiko Plataforma Apostolikoko beste erakunde batzuekin batera lan eginda. Felix Arrieta Frutos politologo eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea da foroaren koordinatzaile eta gainbegiratzailea.

"Gizarte zibilaren eta unibertsitate bizitzaren arteko elkarrekintzarako gune bat sortu nahi dugu, ideia guztientzat, zorroztasun akademikoaren, analisi kritikoaren eta eztabaida irekiaren printzipioak oinarri hartuta. Izan ere, gizarte likido, askotariko eta ziurtasunik gabeko honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da ideiak bereiztea eta alderatzea, herritartasun kritikoa eraiki nahi badugu. Eta hortxe kokatu nahi du DeustoForum Gipuzkoak. Konpromiso intelektualetik, ekarpena egin nahi dio Gizarte Justiziaren bilaketari", bere arduradunek azaldu dutenez.

Contenido patrocinado