Umetoki lepoko minbizia eragiten duen GPB birusaren inguruko saiakera bat argitaratu du EHUko irakasle batek

EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea den Juan Manuel Marín ginekologo gasteiztarra.
UPV/EHU
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 13 octubre 2023 13:52

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea den Juan Manuel Marín ginekologo gasteiztarrak saiakera bat argitaratu berri du, 'Sin miedo al Virus del Papiloma' izenburupean umetoki lepoko minbizia eragiten duen GPB birusaren inguruko guztiaren inguruan.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, liburu praktiko bat da, papilomaren birusa duten pazienteak lasaitu nahi dituena, paziente horiek askotan informazio falta eta zama emozional handia izaten baitute. Paziente baten esperientzia pertsonaletatik abiatuta, diagnostiko prozesu, kontsulta, proba osagarri eta tratamendu guztiak aztertzen ditu argitalpenak.

"Liburuaren lehen zatian Martaren kasua azaltzen da. Paziente hori da saiakeraren ardatz nagusia. GPBren infekzio prozesuan esku hartzen duten oinarrizko elementuak azaltzen ditu, zer den birus bat, zergatik duen gaitasun onkogenikoa, zein arrunta den papilomabirusak eragindako infekzioa, nola sortzen den jasotako informazioa eta nola interpretatzen diren zitologiaren emaitzak", zehaztu du egileak berak.

Hizkuntza errazean idatzita, lanak infekzioaren ikuspegi bat ematen du medikuntza integratzailetik, eta irtenbide ez farmakologikoak eskaintzen ditu immunitatea hobetzeko. Erreferentzia bibliografikoz beteta, testua zorrotza da GPBren azken ezagutzekin. Aldi berean, ikuspegi adeitsuarekin hurbiltzen da gaira, eta, egileak ahal duen neurrian, begirada femeninoarekin.

Informazio asko eman eta erreferentzia bibliografikoz beteta dagoen arren, lanak izaera narratiboa du, Martaren esperientzia baita ardatz nagusia, azterketa ginekologiko batean papilomabirusak eragindako infekzioa duela ohartzen den pazientearena, alegia. Hori dela eta, liburuan deskribatzen diren kontsulta eta proba ugari izango ditu, behin betiko sendatu arte.

"Marta kontsultara joaten da zalantzak argitzera, eta osotasunean ulertzen ez dituen hainbat prozesutatik igaroko da. Informazioa emango zaio, probak egingo zaizkio, eta biopsiak eta itxaronaldi larriak jasango ditu, prozesu osoan bere medikuak lagunduta", esan du ginekologoak.

Saiakera publiko orokorrari zuzenduta dago eta dibulgaziozkoa da. Papilomabirusak (GPB) eta zerbixeko minbiziak eragindako lesioei buruzko informazio, diagnostiko, jarraipen, tratamendu eta prebentzio prozesu osoa jorratzen du. Gainera, organismoa infekziotik nola babesten den azaltzen du, eta nola lagun daitekeen sendatzeko txertaketatik, nutriziotik edo bitamina, mikronutriente edo probiotikoen bidezko osagarriekin.

EGILEA

Juan Manuel Marín (Gasteiz, 1963) ginekologoa da duela 30 urtetik. Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuko Arabako Unibertsitate Ospitalean lan egiten du eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Obstetrizia eta Ginekologia irakasgaiko irakaslea da.

Era berean, Bartzelonako Unibertsitateko Terapia Neuraleko eta Odontologia Neurofokaleko Masterrean irakaslea da, eta osasunaren psikologian espezializatutako prestakuntza du.

Duela urte batzuetatik hona terapia neuralari buruzko artikuluak aztertzen dituen terapianeural.life blog zientifikoa argitaratzen du. Artikulu zientifikoak idatzi dituen arren, 'Sin miedo al Virus del Papiloma' da bere lehen saiakera.

Contenido patrocinado