Uribe Kostako Mintzodromoa & Jolasdromoa antolatu dute Plentzian 24. Korrikaren bueltan

Mintzodromoa & Jolasdromoa Plentzian
URIBE KOSTAKO MANKOMUNITATEA
Europa Press País Vasco
Publicado: domingo, 1 marzo 2026 13:38

BILBO 1 Mar. (EUROPA PRESS) -

Uribe Kostako Mankomunitateak (Bizkaia) Mintzodromoaren eta Jolasdromoaren edizio berri bat antolatu du martxoaren 5erako Sopelako udal euskaltegiarekin, Uribe Kostako AEKrekin eta Egizu elkartearekin batera, 24. Korrikaren kultur jardueren barruan. Plentziako Jai-Alai frontoian egingo da ekitaldia, eta "euskara kalera ateratzea, erabilera indartzea eta indar erakustaldia egitea ditu helburu", Uribe Kostako Mankomunitatetik adierazi dutenez.

Jardunaldiak lau txanda izango ditu (10:00, 12:00, 17:00 eta 19:00), eta 400 herritar inguruk parte hartzea aurreikusi dute. Mintzodromoaren dinamikari dagokionez, parte hartzaileak bost laguneko taldeetan banatuko dira (dinamizatzaile bat eta lau solaskide), eta interes orokorreko hiru gairi buruz arituko dira ordubetez. Elkarrekintza sustatzeko, 15 minutuan behin mahaiz eta mintzakidez aldatuko dira.

Mintzodromoko solasaldiek hiru ardatz nagusi izango dituzte: norberari buruz (zaletasunak, pasadizoak eta planik gogokoenak), euskararekiko harremana (2026rako erronkak eta hitz gogokoenak) eta Korrika (lasterketan bizitakoak, historia eta aurtengo abestia).

Jolasdromoa euskara gaitasun txikiagoa duten herritarrei zuzendutako saio berezia da, eta ikasleek dakiten apurra mahai jolasen bidez praktikan jartzean datza. Fikzio Fabrika elkarteko kideek dinamizatuko dute ekimena, hamarna laguneko mahaietan. Bestelako tarteak ere izango dira: 11:00etan eta 13:00etan hamaiketakoak, 18:00etan eta 20:00etan meriendatxoak eta kantujira 20:15ean Plentzia Kantagune taldearen eskutik.

Contador

Contenido patrocinado