Victor Gomez Pin filosofoaren "Analektak" liburua euskaraz argitaratzen lagundu du Eusko Jaurlaritzak

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 20 diciembre 2011 15:01

DONOSTIA 20 Dic. (EUROPA PRESS) -

Marcel Proust idazle frantsesaren "A la recherche du temps perdu" nobela ezagunean oinarrituta kaleratu da gaur Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin euskaraturiko "Analektak" liburua. Victor Gomez Pin filosofo katalana izan da liburua argitaratzeko sustatzaile nagusia eta, horretarako, Prousten nobela ezagun horretatik pasarte batzuk hartu eta gaztelaniara itzuli ditu. Pasarte horiek, ondoren, katalanera, galegora eta euskarara itzuli dira.

Hala, Alexandra Segurak katalanera, Jose Mayoralasek galegora eta Joxan Elosegik euskarara itzuli dute testua, eta Juan Ramon Makuso aritu da guztion arteko koordinazio-lana egiten. Liburu honetan jatorrizko testua etenik gabe azaltzen da frantsesez; itzulitako bertsioetan, berriz, Gomez Pinek propio jarritako izenburu batek aurkezten du zati bakoitza, eta horrek pasartearen edukiaz berehala jabetzeko parada eskaintzen du.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik liburuaren aurkezpenean adierazi duenez, "Sailburuordearentzat harro egoteko moduko zerbait da literatura unibertsaleko idazlan gorenetako baten zabalkundearen alde egin dezakegula ikustea". Ildo horretatik gaineratu du Victor Gomez Pin "La recherche" obraren inguruan edizio eleanitz bat prestatzen ari zela jakin bezain laster, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak "argi" izan du hasiera-hasieratik "laguntza osoa eman behar ziola".

"Edizio honen literatur interes bereziaz berehala jabetu ginen, eta ahalegin horretan zerikusi zuzena izan du Gomez Pinek sortarazitako errespetuak eta konfiantzak, Prousten obraren ezagutzaile sakona baita. Liburu honekin, gainera, hizkuntzalariek, profesionalek nahiz zale arruntek, gozatzeko parada ere izango dute pasarteak gaztelaniaz, katalanez, galegoz eta euskaraz paraleloan eta aldi berean ikusita, hizkuntza espainiarren arteko alderaketa tipologikorako aukeraren aurrean izango baitira", azaldu du.

"Analektak" izenburua Gomez Pinek berak hautatutako titulua da, eta argitalpen horretan bertan Prousten obsesioak argi islatzen dira: oinazea, ahanztura, heriotza, unadura eta abar. Donostiako Hariadna argitaletxeak kaleratu du liburua, mila aleko tirada du eta 500 ale Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du banaketa egiteko; gainerako aleak, berriz, salgai jarriko dira ohiko liburu-dendetan.

Contenido patrocinado