BILBO 28 May. (EUROPA PRESS) -
Bermeoko (Bizkaia) San Martin erreka berreskuratu da eta proiektu honi esker, auzoko ingurukoei pasealeku berri batekin gozatzeko aukera eskaini zaie, Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak adierazi duenez. Horrela, egurrezko hesi bat jarri da errekaren ertzetan oinezkoei bakarrik bidea emateko.
Landabaso industrialdea zeharkatzen duen San Martin errekaren berreskurapena Uraren Euskal Agentziak garatutako proiektu baten bidez egin da, Bermeoko Udalak proposatu ondoren. Proiektuaren obrak pasa den urtarrilean hasi ziren eta maiatzean bukatu dira.
Bermeoko Ingurumen Sailak gogoratu duenez, 1980ko hamarkadan, Landabaso industrialdea eraiki zenean, erditik zeharkatzen duen San Martin erreka txikia ere bideratu egin zen. Horretarako, zementuzko geruza batekin estali zen 400 metroko luzeran errekaren ertzei egonkortasuna emateko. "Horrela, golpean, ordura arte errekatxu bat zena, kanal artifizial bat bihurtu zen", azaldu du.
Halere, urteak pasa ondoren, eta naturaren lan isilaren eraginez, errekaren ertzetan erreka-baso ederra sortu zela gogoratu du Bermeoko Udalak, balio handiko haltzadi bat, hain zuzen ere. Horrela, "momentu batean hango zementua oztopo handia bihurtu zen erreka-baso hori zabaltzeko. Urdaibaiko Biosfera erreserbaren eremuan, erreka ertzak babesgune bereziak dira eta horregatik funtsezkoa dela bere balio ekologikoa babestea", nabarmendu du.
Bestalde, Bermeoko Udalaren esanetan, zementu estalki hori oso irristakorra denez eta errekak malda handia duenez, errekak ur asko dakarrenean, urak abiadura handia hartzen du eta arriskutsua bihurtzen da handik behera. "Arrazoi bi horiek kontuan edukita, Bermeoko Udala Ur Agentziarekin jarri zen harremanetan berreskurapen proiektu bat proposatzeko. Proposamena aztertu ostean, Ur Agentziak proiektua aurrera eramatea erabaki zuen", azaldu du.
BOLUNTARIOEN JARDUNALDIA
Lanak hasi aurretik, Bermeoko Udalak ingurumeneko boluntarioen jardunaldi bat antolatu zuen EDE fundazioaren laguntzarekin errekaren garbiketa orokorra egiteko. Hainbat obra eta industria hondakin atera ostean, Ur Agentziaren eta Bermeoko Udalaren teknikariek, Joserra Diez Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ekologia irakaslearen laguntzarekin, inguruaren ikusketa sakona egin zuten eta zementu azpiko materialak aztertu, berreskurapen lanak finkatzeko.
Ondorioz, Bermeoko Udalak azaldu duenez, hainbat erabaki hartu ziren: "zementuzko estalki osoa kendu beharra, inguruari eta hango arbolei ahalik eta kalte gutxien sortuta; eta ur-jauzietan eukaliptozko enborrak gurutzatzea eta harrobiko harriak jartzea uraren abiadura moteltzeko eta putzu naturalak sortzeko".
Era berean, ertzetan, belarra eta bertoko arbolak -haltzak eta hurretxak- landatu ziren bere egoera naturala hobetzeko eta, aldi berean, bere itxura estetikoa ere apaintzeko. "Kontuan izan behar da errekatik oso hurbil etxebizitza asko eregi direla oraintsu San Martin auzoan eta berreskurapen proiektu honek ingurukoei pasealeku barri batekin gozatzeko aukera ere eman dietela", azpimarratu du Bermeoko Udalak.