BILBO 28 May. (EUROPA PRESS) -
Ertzaintzaren agenteek 27 eta 32 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte igande honetan, maiatzaren 27an, Durango eta Getxo udalerri bizkaitarretan, hurrenez hurren, genero indarkeriako delitu bana egotzita, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
Lehenengo gertaera igande goizaldeko 6:30 aldera izan zen. Ordu horretan, Ertzaintza Durangoko eraikin batera joatea eskatu zuten, ustez gizon batek bere emaztea jo zuelako.
Bertara heltzean, ertzainek emakume bat aurkitu zuten eraikinaren atarian, oinutsik eta oheko arropekin, oso urduri eta aurpegian kontusioak zituela. Ertzaintzari jakinarazi zien senarrrak jo egin zuela eta etxetik alde egitea erabaki zuela. Dirudienez, aurretik ere antzeko gertaerak jasan zituen.
Hori guztia kontuan hartuta, Ertzaintzaren agenteak etxebizitza igo ziren eta ustezko erasotzailea atxilotu zuten, 27 urteko gizonezko bat. Ondoren, ertzain-etxera eraman zuten.
Bestalde, igande gaueko 23:00ak aldera, Ertzaintzari jakinarazi zioten gizon bat emakume bat jotzen ari zela Algortako kafetegi batean, Getxon. Patruila bat hurbildu zen tokira eta zenbait urradura zituen emakume batekin hitz egin zuen; eztabaidan ari zirela bere senarrak jo egin zuela esan zien.
Biktimarekin zihoazen eta liskarra ikusi zuten bi pertsonek esku hartu behar izan zuten erasoa eteteko, eta emakumeak esandakoa baieztatu zuten, erasotzaileak tokitik alde egin zuela gaineratuz. Azkenean, ertzainek bikotearen etxebizitzan aurkitu zuten biktimaren senarra, 32 urteko gizonezko bat, eta atxilotu egin zuten.