DONOSTIA 28 May. (EUROPA PRESS) -
Bioterra Produktu Ekologikoen, Bioeraikuntzaren, Energia Berriztagarrien eta Kontsumo Arduratsuaren Azokaren bederatzigarren edizioa egingo da ostiraletik igandera bitartean, Irungo (Gipuzkoa) Fiboba erakustazokan. Aurten, 125 erakusketari bilduko dira, Euskal Herriko produktu ekologikoen banatzaile nagusiak ordezkatuz.
Antolatzaileek azpimarratu dute gero eta erakusketari gehiago doala azokara, Bioterra Gunea osatzen duten erabat ekologiko gisa egiaztatutako produktuekin eta zerbitzuekin. Horrela, Ficobako 2 pabiloia txiki geratu da, eta horregatik lekualdatu da 3 pabiloira, Ficobako handienera, alegia.
Bioterra Guneaz gainera, non nekazaritza ekologikoko elikagaiak, nekazaritza ekologikorako produktuak eta osagarriak, kosmetika, ehungintza eta kudeaketa ekologikoaren ekimenak erakutsiko diren, azokak gaikako beste bi eremu handi ditu. Naturall Guneak ingurumenarekiko ardurazko eta errespetuzko ikuspegia duten osasunarekin eta ongizatearekin zerikusia duten sektore guztiak bilduko ditu.
Bestalde, Geobat Gunean, bioeraikuntzaren eta energia berriztagarrien gunean, eraikuntza osasungarria eta ingurumena errespetatzen duena gauzatzeko irtenbide profesionalak, kontsumoa murrizten duten eta energia naturalak aprobetxatzen dituzten energi instalazioak eta ekonomia berdearen sektorean lan egiten duten profesionalak eta enpresak aurkitu ahal izango dira.
Hiru gune horiek batuta, Bioterrak aukera emango du publiko zabalari kontsumo iraunkorragoa eta inguruarekiko begirune handiagokoa bultzatzea ahalbidetzen duten bizimodu-alternatibak, produktuak eta zerbitzuak erakusteko. Helburu hori sendotzeko, jarduera paraleloen programa zabal bat dago, helburu bikoitza duena: ludikoa eta dibulgatzailea. 50 proposamenetik gora izango dira aurten bisitarientzat, eta programa askotarikoa izango da: hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak, tailerrak, ikastaroak eta erakustaldiak.
Ficobako edozein gunetan garatuko dira dibulgaziozko jarduerak. Haietako batzuk, gainera, aldi berean, bisitariak gehien interesatzen zaizkion jarduerak aukera ditzan. Hitzaldien atalean, gai-aukera oso zabala da.
NATURALL ETA GEOBAT
Naturall gunean, azokako hiru egunetan, doako Shiatsu erakustaldiak egingo dira, eta Tai Chi eta Chi Kun tailerrak ere bai; azken bi horietan, aurretik izena eman behar da, 677 934 352 telefonora deituz.
Bestalde, Geobat gunean, erakustaldiak izango dira: geobiologiakoak eta eguzki-plaka termikoen funtzionamendua eta energi produkzioa, hustuketazko erregulazio eta segurtasun sistemen bidez. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eguzki-arkitekturako Ekihouse proiektua erakutsiko da.
Bioterrako bisitari asko familian etortzen dira. Horrela, bisita gehiago aprobetxa dezaten eta, aldi berean, txikienak praktika iraunkorretan sar daitezen, tailerrak antolatu dira garapen iraunkorrean kontzientziatzeko, honako ordutegi honetan: larunbatean eta igandean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Gainera, Turismo Gipuzkoaren oka-joko erraldoia edukiko dute aukeran.
Gainera, Bioterra egiten den egunetan, Gipuzkoako elikagaien bankuak elikagaiak jasoko ditu, ekologikoak izan edo ez. Eskatzen diren elikagaiak: arroza, pasta, lentejak, garbantzuak, babarrunak, olioa eta azukrea.
EEE-REN JARDUNALDIA
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez, jardunaldi bat antolatu du Bioterraren baitan, bizikleta eta hiri-mugikortasuna jorratzeko, helburutzat hartuta ohizko garraiobideen alternatibak erakustea eta gidatzerakoan energi kontsumoa murriztea. Jardunaldia osatzeko, gidaritza merkeko ikastaroak izango dira azokak irauten duen bitartean, EEEren eskutik.
Bioterra garraioaren ikuspuntutik bizimodu ekologikoaren oinarriak praktikara eramateko aprobetxatu nahi dutenentzat, bi proposamen eskaintzen ditu Bioterrak: alde batetik, EuskoTren erabiltzea, erakustazokatik 50 metrora geltokia baitu, edo azokara bizikletaz etorri eta erakustazokaren sarrerako bizikleta-parkinean dohainik aparkatzea.
Bioterraren bederatzigarren edizioak ostiralean irekiko ditu ateak, igandera arte. Inaugurazio ofiziala ostiral eguerdiko 12:00etan izango da, eta Jaurlaritzaren Arrantzako eta Elikagai Industrietako sailburuorde Jon Azkue izango da ekitaldi burua. Azokak etenik gabeko ordutegia izango du 10:00etatik 20:00etara. Sarrerak 3 euro balioko du, eta 12 urtez beherakoentzat doan izango da. Profesionalak doan sartu ahal izango dira azokan.
Larunbatean, Bioterrarekin batera, Naturopatia Lanbidearen Euskal Herriko II. Biltzarra egingo da. Hitzordu horren helburua da naturopatiaren lanbidea eta naturopatiako zerbitzuak bultzatzea Euskal Herrian.