Carlos Mena kontratenorrak "Paisajes y recuerdos" kontzertua eskainiko du asteazkenean Bilboko Arriagan

Carlos Mena kontratenorra
ARRIAGA ANTZOKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 7 febrero 2012 18:01

BILBO 7 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Arriaga Antzokiaren kontzertuen programazioak aurrera darrai, eta asteazken honetan, otsailaren 8an, Carlos Mena kontratenorra izango da protagonista. Gasteizko abeslariak "Paisajes y recuerdos" izeneko kontzertua eskainiko du arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

Antzoki bilbotarretik jakinarazi dutenez, Susana Garcia Salazar pianistak lagunduta, Vaughan Williams, Liszt eta Sor konpositoreen abestiak interpretatuko ditu Menak, hala nola "The sky above the roof", "Tre sonetti di Petrarca" eta "Mis descuidados ojos". Kontzertuaren bigarren zatia euskal musikariei eskainita egongo da neurri handian.

Gasteizen 1971n jaioa, Basileako (Suitza) Schola Cantorum Basiliensis-en ikasi zuen Carlos Mena, Richard Levitt eta Rene Jacobs maisuekin. Kontzertu ugari eman ditu munduko areto ospetsuenetan, hala nola Vienako Konzerthaus, Buenos Aireseko Colón Antzokia, New Yorkeko METeko Alice Tully Hall, Washingtoneko Kennedy Center, Tokioko Suntory Hall, Opera City Hall, Osaka Symphony Hall, Sydney Opera House edo Melbourneko Concert Hall-en.

Hainbat opera ere interpretatu ditu, besteak beste, Haendelen "Radamisto", Monteverdiren "Orfeo", Haendelen "Il Trionfo" eta Tamerlanoren rola Arriaga Antzokian izandako Vivaldiren "Bajazet" obran.

Contenido patrocinado