Deiadar-Mendien Eguna ospatuko da bihar Kolitza mendian, Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatuta

Deiadar-Eguna Ospatuko Da Bihar Kolitzan
BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK

BILBO, 6 May. (EUROPA PRESS) -

Batzar Nagusiak berreskuratu izanaren 25. urteurrena zela-eta 2004. urtean hasitako ohiturari eutsi eta Bizkaiko Batzar Nagusiek aurten ere Deiadar-Mendien Eguna antolatu dute biharko. Aurten Kolitza mendian izango da ospakizuna, antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez.

Kolitzarekin batera, Gorbeia, Ganekogorta, Sollube eta Oiz dira bost Deiadar-Mendiak, antzina mendion tontorretatik adar hotsarekin egiten zen-eta Gernikako Batzar Nagusirako deia. Urtean behin horietako mendi baten egiten da ospakizuna eta aurtengoa zortzigarren edizioa izango da.

Mendi igoera Batzar Nagusiek elkarlanean antolatzen dute bost mendi-talderekin: Balmaseda, Gailurra, Ganzabal, Sollube 707 eta Alpino Tabira. Biharko igoerarako Balmasedako Foruen plazan batuko dira mendizaleak goizeko 9:30etan, eta tontorrerantz abiatuko dira, goizeko 11:30ak inguruan heldu eta tontorretik bertatik Batzar Nagusirako deiadarra joteko, Erdi Aroan egiten zen moduan. Deiadar-egunetarako beren-beregi egindako adar berezia joko da, urte bakoitzean Deiadar-Mendi baten joten dena. Adarra jo eta gero, oparia emongo zaie parte hartu duten mendizaleei.

Iazko edizioan, Deiadar-Mendien Egunerako Bizkaiko Batzar Nagusiek egindako deiari erantzun eta 500 lagun inguru batu zirwn Gorbeiaren tontorrean, Deiadar-Mendietarako Igoera ibilbide klasiko bihurtu baita jada Bizkaiko mendizaleentzat.